eskalada Cervino
Aitaren bidetik baina bakarka
Herve Barmasse italiarrak Cervinoko hego paretan dagoen «Diretissima» bidea bakarka eskalatu du. 1.500 metroko jardun horretarako zortzi ordu behar izan zituen
Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA
Orrialde honetako gure gaurko protagonista italiarra dugu: Herve Barmasse. Gaztea, mendi gidaria eta goi mailako alpinista. Lecco Spiders taldeko ordezkari honek, beste behin, mendi kutun bat hautatua zuen bere azken jardun ederra egiteko. Cervino (4.478 m) dugu aukeratutako «jolas-eremua». Hobeto esanda, Matterhorn; izan ere, mendi horren Italiako isurialdean, hego paretan, izan baitzen. Eta igo zuen bidea, berriz, Diretissima izan da; hots, bere aita Marcok, Cazzanelli eta De Tuonirekin batera 1983. urtean zabaldutakoa.
Inolako zalantzarik gabe, Hervek aitaren bidetik jarraitu nahi izan du. Aitaren bidea eskalatzeko ukitu berezia eman nahi izan dio. Bai, alpinista gazteak Diretissima bidea bakarka igo du; era horretan egin den lehenengo igoera. Ondo baino hobeto ezagutzen du mendiaren isurialde italiarra, eta, orain dela bost urte egin zuen bezala, bakarrik eskalatu nahi izan du. 2002. urtean Casarotto-Grassi bidea (ED1, 5.8) sinatu zuen.
Aurtengo apirilaren 16an, berriz, bere bakarkako bigarren eskalada egin zuen pareta horretan. Diretissima-ren 1.500 metroak igotzeko zortzi ordu behar izan zituen. Horrela bada, bide horren lehenengo bakarkako igoera lortu du Barmassek. Oso eguraldi ona izan zuen, eta eskalada osoan sokaz «ahaztu» egin zen.
Hogeita hamar urteko alpinista dugu eta, aita bezala, oso gaztetatik hasi zen mendian; nerabe zenean, mendi gidari egin zen. Eskalada bikainak egin ditu, besteak beste, 2000. urtean Paletto sokakidearekin Per Pio paretaren hego isurialdean bide berria zabaldu zuen. Horrez gainera, beste goi mailako alpinista italiar batekin, Massimo Farinarekin, Padre Pio mendiaren hego isurialdean lehenengo neguko igoera sinatu zuen; eskalada hori udan 6c+ zailtasunekoa da.
Arroka bakarra
Diretissima bidean izaniko esperientziari buruz, Barmassek adierazi du Matterhorn mendiaren hego isurialdeko arroka berezia baino bereziagoa dela: «Mendiaren arroka perfekziotik oso urrun dagoenez, apartekoa da. Gogorra eta hauskorra era berean, eta horrelako arrokan eskalatzeko burua hotz mantendu behar da».
Bai, mendiaren hego isurialdean dagoen arroka oso berezia da. Barmassek berak Casarotto-Grassi bidean ezusteko bat baino gehiago izan zituen; besteak beste, harkaitz zati batek kaskoan jo zuen. Diretissima-ko kare-harri bitxi horretan ere zuhurtasun handiz eskalatu behar izan zuen: «Sokarik gabe eskalatzea oso ezberdina da. Helduleku batek eskutik ihes egin edo oinak irrist egiten duenean, den-dena amaitzen da. Hori dela eta, eskalada hori oso artetsua egiten da. Uneoro erabat kontzentratuta egon behar duzu. Nik, bederen, azken unera arte tentu handiz jardun nuen; arroka hain txarra zenez, azken 20 metroak ere arretaz eskalatu nituen. Horrela bada, eskalada zaila egiten da, ez zailtasunarengatik, baizik eta arrokaren ezaugarriengatik».
Alpinista italiarraren eskalada Orionde aterpetik (2.900 m) pixka bat gorago hasi zen; hain zuzen ere, goizeko zazpietan; gailurra, berriz, arratsaldeko hiruretan jo zuen. Barmassek adierazi duenez, igoera pixka bat luze egin zitzaion, aurreikusia baino luzeagoa: «Bidean hainbat zatitan arazoak izan nituen, besteak beste, elurrarekin. Paretaren goi aldean gerriraino sartzen nintzen! Azkenean bide osoa bakarka igotzea erdietsi nuen. Orain dela hiru urte sortutako erronka zen. Tartean hainbat operazio izan ditut; belaunean, adibidez, hiru aldiz. Baina guztiak ala guztiak gainditu eta eskalada berezi hau egin ahal izan dut. Bakarka egin den lehenengo igoera izan da».
Matterhorn mendiko jardun hau egin aurretik, italiarra Lecco Spiders taldearekin Patagoniako Cerro Piergiorgion izan zen. Ez zuen helburua bete, baina sasoiko iritsi zen bere hurrengo xedeari aurre egiteko: «Patagoniakoa ez zen orain egin berri dudan eskalada prestatzeko. Biak ala biak oso ezberdinak dira, zauri batzuetatik osatzeko egin ditudan bi bidaia izan dira. Beste sokakide batzuekin ditudan esperientziek bakarka eskalatzeko asko laguntzen didate. Jardun bereziak dira oso, era guztietako giro eta egoeretan eskalatzen baituzu».