Irati ANDA, Eskalatzailea
«Probatu eta segituan ikusi nuen posible zela egitea»
Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA
Pasa den ostegunean izan zen. Eta, inolako zalantzarik gabe, kateatze horri esker, eskalatzaile gasteiztarrak Euskal Herriko eskaladaren historian pasarte ederra sinatzeko aukera izan du.
Aitortu behar dizut kateatze horrekin harritu nauzula. Orain arte bi 8b besterik ez zenituen (Ongi etorri eta Sugoi). Oraindik erabat finkatu gabe zeneukan zailtasun hori eta, 8b+ gradura joan ordez, zuzenean 8c-ra pasa zara.
Azalpen erraza dauka. Jakin badakizu panelean denbora asko pasatzen dudala entrenatzen, eta, horrela bada, harkaitzerako oso tarte gutxi daukat. White Zombie probatu nuen, eta segituan ikusi nuen egitea ere posible zela. Zuzenean saiatu nintzen. Finean, sasoiko nagoenean arrokara joateko aprobetxatzen dut.
Aipatu ditudan bi 8b-ak ere Baltzolan dira, baina White Zombie, besteekin alderatuta, luzeagoa da. Zer moduz konpondu zara?
Bai, luzea eta oso fisikoa da. Baina baditu atseden hartzeko leku politak, eta horrek arnasa hartzen uzten dizu. Poliki-poliki igotzen da, eta niretzako zatirik gogorrena goikoa izan da. Bestalde, batzuetan aspergarria izan daiteke; izan ere, bidea egiten ari zara eta goian behin eta berriz erortzen zara. Eskerrak ez nintzela zati horretan gehiegi trabatu!
Erori handiko teknobia horretan pintzak, boloak, zutabeak... dira nagusi. Gustatu al zaizu?
Bai, polita da. Pauso batzuk luzeegiak direnez, beldur pixka bat ematen zidaten. Boloak, adibidez, nahiko kamutsak dira, eta arazoren bat edo beste izan dut nire eskuak txikiak direlako; traketsago jardungo nuela uste nuen. Baina sasoia hartu nuen eta azkenean gustura eskalatu dut. Mugimenduak asimilatzen joan nintzen, bidean sartzen... eta horrek animoak indartzen zituen. Baina oraindik goiko zatia nuen gainditzeke. Nekatuta iristen zara, eta den-dena eman behar duzu.
Euskal Herriko 8c errepikatuena da White Zombie. Sona handia duenez, nazioarteko eskalatzaile indartsuak izan dira. Eta norabide horretatik joaten bagara, esan genezake Baltzolako bide horrek historia baduela. Besteak beste, Yuji Hirayamak White Zombie-rekin munduko lehenengo 8c bistan sinatu zuen. Bideak duen historiari erreparatu al diozu?
Egia esan, ez diot zuzenean begiratu. Baltzolari ohiko bisita egin nion, ez nekien zer probatu... eta White Zombie ezagutzea otu zitzaidan. Probatu nuen, pauso guztiak atera zitzaizkidan eta aurrera jarraitzea erabaki nuen. Iazko urriaren 27a zen, banuen gradu bereko besteren bat probatua, baina Baltzolakoa egitea posible zela ikusi nuen. Neure buruari esan nion: «Irati, proiektu ederra izan daiteke». Aurten Baltzolara itzultzeko aukera izan dut, joan naiz eta atera da.
Josune Bereziarturen ondoren, 8c kateatu duen bigarren euskal emakumezko eskalatzailea zara. Horrela bada, Euskal Herriko eskaladaren historian pasarte polita idatzi duzu. Horrez gainera, munduan gradu hori sinatu duen 14.a zara. Dagoeneko, nazioartean erreferente bihurtu zara, ezta? Horrela ikusten duzu zeure burua?
Pozgarria da zailtasun horretako bide bat kateatzea, batez ere nazioartean duen oihartzunarengatik. Baina oraindik ez dut neure burua hor ikusten. Maila horretan dauden neskek maila handia dute, eta nik oraindik denbora behar dut. Beste era batera esanda, bide gogor gehiago kateatu eta gradu horiek indartzen joan behar dut. Lanean jarraitu beharra dago. Zuk aipatu duzun bezala, Euskal Herriko bigarren emakumezkoa naiz gradu hori poltsikoratzen, Espainiako Estatuan ere bakanetakoa... baina nazioarte mailan ezberdina da. Haatik, gogo handiz jarraituko dut dena ematen.
Urte hasiera biribila izan duzu: duela gutxi Sugoi (8b) kateatu zenuen, Espainiako Txapelketa irabazi duzu, Munduko Koparen lehenengo proban finalerdietan izan zara, pasa den astean White Zombie «jan» zenuen... Jakin badakigu Iratik oso tren egokia hartu duela eta oso denbora gutxian salto izugarria egin duela bere ibilbidean. Aldaketa horrek merezi al du?
Niretzat bai. Erronka pertsonala da, eta niretzako asko balio du. Nik nahi nuena egiten ari naiz, denbora asko dedikatzen eta, gainera, emaitzak ikusten dituzu. Oso positiboa izateaz gainera, horrek guztiak pozik sentiarazten nau. Eta animatu aurrera jarraitzeko.
Harritzen al zaitu egiten ari zaren salto edo aldaketa handi horrek? Edo izutu?
Harritu pixka bat bai; izutu, aldiz, ez. Emozionatuta nago. Emaitzak hor daude. Batzuetan ez dakizu nora jo behar duzun. Baina, jakin badakit, oinak lurrean eduki behar ditudala. Egoera hau oso ondo dago, baina eskalada ez da futbola.
Aipatu dut oso tren egokia hartu duzula edo oso tren geltoki ona aukeratu duzula. Ziztu bizian edo abiadura azkarrean zoaz. Zure «erruagatik» Abiadura Handiko Trena eraiki behar al da?
Nire Abiadura Handiko Trena oinez egiten dena da. Ez ditut naturak eskaintzen dizkigun alderdi paregabe horiek suntsitzen. Nire AHT birtuala da.