Egun bateko programazioa eskainiko du Extravagances jaialdiak transizio edizio honetan
The Servant, Wax Tailor, Ridan, Sunshiners, Orchestre National de Barbes eta David Cairol kantari euskalduna izanen dira uztailaren 28an Biarritzeko Extravangaces jaialdian joko duten musikariak.
Idoia ERASO | BIARRITZ
Extravagances-en hirugarren edizioak orain arte bi egunetako programazio eklektikoa egiten zuen eta aurten egun bakar batean eskainiko du, hainbat musikarekin batera adin ezberdinetako ikusleak elkartzeko xedearekin. Lehen bi urteetako arrakasta handitu nahian eta Biarritz inguruko uda jaialdiak kontuan izanik, «pixkanaka garatzen doan» jaialdia izan nahi duela adierazi zuen Biarritzeko Herriko Etxeko Michel Poueytsek. Aurtengoa transizio urtea izanen da laugarren edizio handi baten bidean. Izan ere, antolatzaileak bi egun iraungo dituen 2008ko Extravagances antolatzen hasi dira jadanik.
Eklektismoa eta Biarritzek aurten duen surfaren presentziaren 50. urteurrenaren ospakizunak izanen dira aurtengo Extravagances jaialdiaren ardatz nagusiak. Arratsaldeko seietatik gaueko ordu biak arte iraungo duten kontzertuekin batera bestelako ekimenak ere antolatuko dituzte Agilera estadioan. Euskal Herriko hainbat elkarte kulturalek dantza, antzerki eta bestelako ekimenak sortuko dituzte giroa alaitzeko.
Euskal Herritik kanpo ekarritako sei talde oso ezberdinek osatzen dute aurtengo musika afitxa. The Servant talde ingelesak soinu elektro-akustiko orkestatuarekin Talking Headsen garairik hoberenak ekarriko ditu gogora eta gauaren ekitaldi nagusia osatuko du gaueko hamaikak eta laurden aldera.
2005eko errebelazioa izan zen Wax Tailor taldeak eta bere garairik hoberena iragaten ari den momentuan etorriko da Biarritzera, hip-hop soinu abstraktoekin udako giroa gehiago berotzeko asmoarekin. Hip-hopetik raperako bidea ere irekiko da Agileran uztailaren bukaeran Ridan bikotearekin. Era lasai eta armonikoan rapa kantatzen du Ridanek frantsesez baina jatorri aljeriarra alde batera utzi gabe.
Pazifikotik heldu Sunshiners taldearen gizatasun eta naturaltasunak munduaren bestaldeko koloreak ekarriko ditu. Musika elektronikoa eta reggae era bakarrean nahasten duen talde horrek Vanuatuko lau ahotsen timbreak ere eskeintzen ditu.
Maroko, Aljeria eta Estatu frantseseko kideak batzen ditu Orchestre National de Barbes-ek. Alaitasuna eta joritasuna zabaltzen dute taldekideek dantzarako gogoa sortzen duten Magrebeko kantu tradizionalen bitartez. Musikari nagusien artean David Cairol euskalduna e-re badago, «Black music» estiloaren sakontasunetik helduta, reggae, soul eta folkaren nahasketa berezia eskainiko du.
Musika estiloen eklektizismoa, eta Biarritzek aurten duen surfaren presentziaren 50. urteurrenaren ospakizunak izanen dira aurtengo Extravagances jaialdiaren ardatz nagusiak.
Tokia: Biarritzeko Agilera estadioan.
Data: Uztailaren 28an, larunbata, arratsaldeko seietatik gaueko ordu biak arte izanen dira kontzertuak.
Antolatzailea: Biarritzeko Herriko Etxea eta CSM Productions.
Sarreraren prezioa:
25 euro.