Palestinarrak gatibu, Gazan eta Libanon
Azken egunotan Gaza eta Libanoko borrokek, Israelgo eta Libanoko armaden eraso ikaragarriek, argi asko erakusten dute batean zein bestean palestinarrak gatibu direla. Gazan baldintzapeko askatasunean bizi dira, nolabait esateko, eta Libanon errefuxiatuta; bi krisiak ez dira berdinak, baina bi lekuotan segurtasunik gabe bizi dira palestinarrak. Gazako erasoei dagokienez, ez dira kontu berria, Israelen hamaikagarren neurrigabekeria baizik, hark edozein aitzakia erabiltzen baitu palestinar lurrak eta herritarrak ez ezik, haien azpiegiturak ere suntsitzeko, palestinarren etorkizuna baldintzatua izatea baitu helburu, eta estrategia horretan Palestinako lehen ministroa bera hiltzeko mehatxua ezin adierazgarriagoa da.
Libanoko auziak, berriz, bestelako osagaiak ditu. Islamiar mugimendu armatuaren goraldiaren lagin bat gehiago da. Fata al-Islam talde txikia da, erantzun armatu mundializatu horren logikan sortua. Baina ez da harritzekoa horrelako taldeak errefuxiatu eremuetan babesa bilatu eta, neurri handian edo txikian, eragina izatea. Nahr al Bared errefuxiatu eremuan 30.000 lagun inguru bizi dira, edo bizirauten dute, baldintza eskasetan, eta etsipen giro hori oso aproposa da horrelako taldeak sortzeko, nahiz eta, dirudienez, Hahr al Bared-eko errefuxiatuen artean jarraitzaile askorik ez duten. Horrek, ordea, ez du saihesten palestinar errefuxiatuek erasoen ondorio ikaragarria jasotzea. Izan ere, Libanoko Armadaren jarrerak gehiegizkoa dirudi, ez baita zilegi eremu zibil bat bonbardatu eta bertan dozenaka hildako eragitea. Gauza jakina da Libanok bere subiranotasuna defenditu behar duela, baina uste izatekoa da badirela modu samurragoak, islamiar talde horrekin zerikusirik ez duten errefuxiatu palestinarrek esan duten bezala. Nahiz eta Israelen eta Libanoren jarrerak ezin diren parekatu, bi gobernuek palestinar bizilagunak helburu militar gisa hartzea ez da inondik ere onartzeko modukoa.
Nolanahi ere, ez dirudi eraso horiek nazioarteko komunitatea gehiegi kezkatzen dutenik. Arreta ematen du Mendebaldeak Rafic Hariri lehen ministro ohiaren hilketa epaitzeko tribunal bat ezartze aldera NBEri presioa egiteak edo AEBek libanoar gobernuari sostengua emateak, Israelen gehiegikerien inguruan duten jarreraren aldean.