HAUTESKUNDEAK EUSKAL HERRIAN
Milaka herritarrek bozkatu zuten EHNArekin, oztopoak areagotu arren
Hauteskundeotan, EHNArekin bozkatzeko inoiz baino oztopo gehiago izan dituzte euskal herritarrek, Bai Euskal Herriari ekimenak salatu duenaren arabera. PPko, PSOEko eta EAJko ordezkarien jarrera kritikatu zuen, baina, hala ere, milaka lagunek eman dute botoa EHNArekin.
GARA | DONOSTIA
Bai Euskal Herriari ekimenak jakinarazi duenez, joan den igandeko hauteskundeetan milaka euskal herritarrek bozkatu zuten EHNArekin, normaltasunez. Hala ere, aurten inoiz baino oztopo gehiago izan direla nabarmendu zuten, eta PPko eta PSOEko ordezkariek izandako jarre- ra salatzearekin batera, EAJko kideek erakutsitakoa deitoratu zuten.
Mikel Luloaga eta Erruki Ezkurra Bai Euskal Herriari herri ekimeneko bozeramaileek honakoa azaldu zuten: «Maiatzaren 27an Hego Euskal Herrian egindako hauteskundeetan milaka herritarrek, eskubide osoko euskal herritar gisa, EHNArekin boza eman ahal izan dute».
EAJ eskubide urraketan partaide
Milaka izan arren, udal eta foru hauteskundeotan «inoiz baino oztopo gehiago» aurkitu dituztela salatu zuten.
Hala, Hauteskunde Batzordeak EHNA erabiltzea saihesteko zirkular berezi bat egin zuela esan zuen Bai Euskal Herriari ekimenak, eta hautesleku askotan atean itsatsi zutela azaldu zuen.
Horrez gain, PPko eta PSOEko ordezkariek izan zuten jarrera gaitzetsi zuen. Luloagak esan zuenez, mahairik mahai ibili baitziren EHNA onar ez zezaten. Are gehiago, mahaiko kideak eta bereziki lehendakariak «mehatxatu» zituztela esan zuen. «Isun, inpugnazio eta atxiloketa mehatxuak egin dizkiete», adierazi zuen.
Salaketa berezia egin zuten, ordea, EAJko alderdikieez aritzerakoan. Bai Euskal Herriari ekimenak prentsa agerraldian erakutsi zuen bezala, EAJk zirkular berezi bat banatu zien bere ordezkariei hauteskundeetarako. Bertan, Euskal Herriko Naziotasun Agiria «dokumentu baliogabea» dela esaten zien jeltzaleei, eta are larriagotzat jo zuten ondorengoa: EHNA onartzeko «jokoan ez sartzeko» agindu zien EAJk, eta PPko eta PSOEko ordezkariak edota mahaiko kideak borrokatu daitezela agindu zien ordezkariei.
«Garbi ikus dezakezue EAJk euskal herritarron eskubideen defentsa besteren teilatura botatzen duela», deitoratu zuen, jarraian, Mikel Luloagak. Gainera, oro har, hauteskundeotan jazo diren eskubide urraketa nabarmenak salatu zituen Bai Euskal Herriari ekimenak.
I.B. | GASTEIZ