GARA > Idatzia > Kultura

Elkarrizketa eta mahai inguru literarioak liburu bitan bildu ditu Mikel Asurmendik

Kristina MARTIN | DONOSTIA

«Komatxo artean» Donostiako Herri Irratiko saio literarioan emititutako zenbait elkarrizketa eta mahai inguru bildu ditu Mikel Asurmendik bi liburutan, Utriusque Vasconiae argitaletxearen eskutik. Liburuaren sarrera Fito Rodriguez Euskal Idazleen Elkarteko lehendakariak egin du.

«Komatxo artean» saioa 1997tik 2006ra bitartean igorri zen, baina Asurmendik 2000.ean hartu zuen horren leloa. Ordutik 2006ra eginiko 30 elkarrizketa aukeratu eta idatziz jarri ditu liburu batean. Elkarrizketok «Argia» astekarian argitaratuta daude, bertan lan egiten baitu egun Asurmendik.

Hautaketa egiterakoan lan zaila izan zuen Asurmendik sei urtetan elkarrizketa ugari egin izan dituelako. Dena dela, emaitzarekin pozik dago. «Ez daude merezi duten guztiak baina daudenek merezi dute», laburbildu zuen. Xabier Mendiguren Elizegi, Juan Kruz Igerabide, Anjel Lertxundi, Mariasun Landa, Koldo Izagirre, Urko Aristi, Ur Apalategi eta Harkaitz Cano elkarrizketatuen artean daude.

2002ko maiatzetik aurrera saioaren egitura aldatu eta hilero mahai inguruak egiten hasi ziren. Asurmendik atzo aurkeztutako bigarren liburuak mahai inguruetako hamar jasotzen ditu. Literaturaren gazi-gozoak, kazetaritza eta literaturaren arteko amodio-gorroto harremana, marrazkia eta testua uztartzeko moduak, XXI. mendeko poesia, herri antzerkia eta ipuin kontalariak mahai inguru horietan jorratzen dituzten gaietako batzuk dira.

Literaturaren paisaia

«Komatxo artean» saioak euskal literaturari egin dion ekarpenaz ere hitz egin zuen Asurmendik. «Euskal literaturaren paisaia islatu du irratsaioak. Koadro batean bezala, entsaioak, antzerkiak, poesiak, nobelak... lekua izan izan dute», azaldu zuen. Liburuetan, berriz, paisaia horretako «zenbait erreka eta bidezidor aukeratu ditut», argitu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo