GARA > Idatzia > Musika

Lisabo eta Half Foot Outside joan eta Patti Smith eta Centro-Matic etorri

Primavera Sound

Udako jaialdi handiei atea irekiz datorkigu asteburu honetan Bartzelonako Primavera Sound koloretsua. Egungo proposamen interesgarri, fresko eta berritzaileenetakoak aurkeztea xede duen jaialdian Lisabo gipuzkoarrek eta Half Foot Outside nafarrek ordezkatuko gaituzte aurtengoan, guk bidaia profitatuz gurera hurbilduko diren Centro-Matics, The Sadies eta Patti Smith dama zurrunaren emanaldiak Bilbon eta Donostian gozatuko ditugun bitartean.

Anartz BILBAO | BILBO

PS. Patti Smith eta Primavera Sound. Chicagoko olerkaria izango baita jaialditzar katalanak eskainiko duen harribitxietako bat. Hilabeteak dira bizirik dirauen rock ikurrak Victoria Eugenia Antzokiko sarrerak agortu zituena. Alta, zaleek zutik entzungo dute emanaldia, gau horretan estrenatuko duten oholtza berritzaile bati esker.

Ez da Primavera Soundeko izar bakarra, ordea. Besteak beste, bertan izango dira Sonic Youth, berrantolatutako Smashing Pumpinks edo Wilco. Hauek guztiekin batera, Lisabo eta Half Foot Outside. Bartzelonako musika aldizkarietan maite dituzte irundarrak. »Ezlekuak» plazaratu du aurten taldeak, sortu berri den Bidehuts disko etxean -copileftpean-, jendeak irrikaz espero zuena. Iruindarrek bosgarren lana dute «Perfect From the Distance» trinkoa, Arkarazok grabatu eta John Agnello sonatuak ekoitzia. Gureak ere han izango dira, beraz, eta hangoak gurean.

Emakume hauskorraren itxurapean «Jesus norbaiten bekatuengatik hilko zen... baina ez nireengatik» oihukatuz sartu zen Patricia Lee Smith rockaren historian pauso irmoz 1974an. Ordurako New Yorken eta Parisen bizi izana zen, Robert Mapplethorpe argazkilari ospetsuarekin edo Tom Verlaine Television taldeko gitarra-jotzailearekin harremanak izan, olerki liburuak argitaratu eta mihiseak pintatu eta gero.

John Cale-k ekoitzitako «Horses» debutaren ostean beste hiru lan luze plazaratu zituen 70eko hamarkadan, tartean «Easter» arrakastatsua, eta hurrengo hamarkadan etxean gelditu zen seme-alabak hezteko. 1988ko «Dream of Life» izan ezik, ez zuen diskorik argitaratu bere senarra hil zen arte. Bitxikeria gisa esan, Fred Sonic Smith gitarra-jotzaile zorrotzarekin abizena aldatu beharrik ez zuelako ezkondu zela esan duela zenbaitek. Rimbaud eta Picassoren miresle, 1979an izan zen lehenbizikoz gurean, Biarritzen. Punk mugimenduaren aitzindari, berak eman omen zuen New York hiriko CBGB areto magikoko azken kontzertua iaz. Azkenaldian politikan parte hartze pisutsua du rockak eman duen emakume esanguratsuenetakoak, eta izan du lan berriak argitaratzeko betarik ere, 1996ko «Gone Again», edo milurteko berriko «Gung Ho» edo «Trampin´».

Aurten «Twelve» plazaratu du, maisu handien hamabi rock ale klasikoz osatutako lana. Rolling Stones, Nirvana, The Doors, Jimmi Hendrix, Neil Young, The Beatles edo Bob Dylan, agian ilun eta triste samar, Patti Smithen ahotan.

Ibilbide xumeagoa duten arren arras interesgarriak ditugu Bartzelonatik bueltan Bilbora etorriko diren The Sadies eta Centro-Matic ere. Centro-Matic Texasko laukotea iaz ere izan zen gurean, eta buru duten Will Johnson (South San Gabrielen ere jotzen duena) Donostian aritu da aurten bakarlari gisa, Micah P. Hinson lagunduz. Alt-country edo americana jorratuz, «Operation Motorcide» ep berria dute aurkezgai. Estilo berean, alaiagoak dira The Sadies. Steve Albinik ekoitzi dituen kanadarrek lehenengo bisita dute gurean, tartean The Jayhawks, Deadly Snakes edo Heavy Trasheko musikariekin grabatutako lana emateko.

Fitxa

Primavera Sound: Gaurtik larunbatera, Bartzelonako Forumean. Half Food Outside (bihar) eta Lisabo (larunbata). Sarrerak: 65/70 euro eguneko.

Patti Smith: Bihar, 21.30ean, Victoria Eugenia antzokian (Donostia), sarrerak ahituta. Larunbata, 21.00etan, Bartzelonan.

Centro-Matics eta The Sadies: Gaur, 22.00etan, Kafe Antzokian (Bilbo). 14/16 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo