Lakuak Euskal Curriculuma «desitxuratu» duela salatu du Sortzen-Ikasbatuaz-ek
2003an, Udalbiltzarekin eta Ikastolen Elkartearekin batera, Sortzen-Ikasbatuaz-ek Euskal Curriculumaren egitasmoa abian ipini zuen. Atzo, berriki Lakuako Hezkuntza Sailak gai horren gainean plazaratu duen behin-behineko proposamenari buruz argibide batzuk eman zituen. Tontxu Camposek zuzentzen duen Sailaren lanak Euskal Herria aintzat hartzen ez duela eta ikasleek Konstituzio espainolaren balioak bere egin behar dituztela salatu zuten.
Beñat ZARRABEITIA |
Sortzen-Ikasbatuaz-eko kideek agerraldi publikoa egin zuten atzo, Bilbon. Lakuako Hezkuntza Sailak orain aste batzuk Euskal Curriculuma martxan jartzeko aurkeztu zuen behin-behineko proposamenarekin ados ez daudela adieraztea zuten xede. Sortzen Ikasbatuaz-eko lehendakari Juankar Aretxabaleta eta erakunde horrek Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan dituen koordinatzaile Kalen Astiz eta Andoni Lariz izan ziren.
Sortzen-Ikasbatuaz elkarteak, Udalbiltzarekin eta Ikastolen Elkartearekin batera, 2003. urtean Euskal Curriculumaren egistasmo «komuna eta nazionala» martxan jarri zuen. Ondoren, eremu publiko eta pribatuko beste hogei bat eragilek bat egin zuten, tartean Lakuako Hezkuntza Sailak. Hala eta guztiz ere, EAEko eremu publikoko guraso eta zuzendarien hiru eragilek proiektu horretan parte hartzeari uko egin zioten.
Horrekin batera, Sortzen-Ikasbatuaz-ek adierazi zuen: «Lakua, azken urte biotan, baliabide gutxi jartzen ari da; azkenik, Euskal Curriculumaren diseinua bera baldintzatu, desitxuratu eta bere eremu diren hiru lurraldeetara mugatzen ari da». Horretaz gain, Tontxu Camposek zuzentzen duen sailak aurkez- tutako behin-behineko EAEko curriculum dekretu berriaren testuari ekarpenak egiteko denbora «oso txikia» izan dela esan zuten. Izan ere, Sortzen-Ikasbatuaz-eko kideek argitu bezala, behin betiko dekretua irailetik aurrera izango da indarrean, ikasturte berriarekin batera.
Horiek hala, Juankar Aretxabaletak adierazi zuen euren erronka Euskal Curriculuma, hasierako egitasmo komun eta nazionala, azken muturreraino eramateko sostengua mantentzea dela.
«LOEn du ardatza»
Beste alde batetik, Kalen Astizek nabarmendu zuenez, Gasteizko Gobernuko Hezkuntza Sailak eginiko proposamenak «LOEn du ardatza, Estatuak ezarritako %55 goitik behera betetzen baitu». Gainerakoari buruz, ikuspegia EAEko hiru lurraldeetara mugatu dutela arbuiatu zuen.
Alde horretatik, Sortzen-Ikasbatuaz elkartearen ustez, proposamena izan zitekeenetik «oso urrun» geratu da, ardatza Euskal Curriculumean jarri ez dutelako eta legedi espainolari erabat men egiten diolako. Horiek hala, «hasierako ilusiotik» lan honen ardatza behar ez den tokian jartzeak ekarri duen «emaitza txarrera» pasatu direla ziurtatu zuen Astizek.
Haren esanetan, aldaketa handi bat ezean, dekretua ez da erabilgarria izango ikasleentzat. Hala ere, euren jarrera «behin-behineko testua aurkezten dutenean» agertuko dutela jakinarazi zuten.
Astizek honakoa gaineratu zuen: «EAEko curriculum dekretu hau izendatzeko `Euskal Curriculuma' hitzak erabiltzea salatu behar dugu, izena eta edukiak ez baitatoz bat».
Andoni Larizek, bestalde, Tontxu Camposek zuzentzen duen sailak plazaratu duen dekretuaren hezkuntza helburuen eta konpetentzien formularioaren gainean hitz egin zuen. «Ikasleak euskaldun moduan Euskal Herrian eta Ama Lurrari loturik bere gaitasun guztiak lantzea izan beharko luke helburua», esan zuen. EAEko ikasleentzat planteamendu kanpotar bat egiten dela nabarmendu zuen. Gainera, Euskal Herri osora iristeko asmorik ez dagoela arbuiatu zuen.
Euskal kulturaren ezagutzari buruz, Lakuak plazaratu berri duen dekretuak «oinarrizko eskubideak ezagutu behar dituela» aipatzen du. Horri buruz, Larizek hori ez dela nahikoa ziurtatu zuen. «Euskal Herriko curriculum baterako onargarria izatea nahi badugu, euskal kultura indartu behar dugu, eta oinarrizko ezagutzak soilik lantzearekin ezinezkoa da honakoa lortzea», azaldu zuen.
Konpetentziei buruz, Sortzen-Ikasbatuaz-ek esan zuen: «Gaitasunak lantzeak lehentasuna hartu beharrean, merkatuak behar dituen ikasleak prestatzeak hartzen du pisua, eta hekuntzaren funtzioa merkatuaren beharraren arabera planteatzeko joera ikusten dugu».
Konstituzio espainola
Sortzen-Ikasbatuaz-ek bereziki larritzat jo zuen, gainera, alde batetik, ez dutela zehazten euskara irakasteko hizkuntza izango denik. Bestalde, Euskaltzaindiak ondo aski definituta daukala nabarmendu zuten, baina Lakuak prestatutako dokumentuan «Euskal Herria» hitzak soilik Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa izendatzeko erabiltzen direla esan zuten.
Larizen esanetan, Gasteizko Gobernuaren behin-behineko dekretuak dio euskal ikasleek Konstituzio espainolaren eta EAEko Estatutuaren balioak «ezagutu, bere egin eta baloratu» behar dituztela. Balio horiekin gazteek ez dutela Euskal Herria aintzat hartuko salatu zuten.
Sortzen-Ikasbatuaz elkartearen ustez, soluzioa guztien artean eraikitako Euskal Curriculuma da. Modu horretan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleen premiei erantzuna emango zaiela uste dute.