GARA > Idatzia > Ikusmira

Higiezinen presioaren eta erakundeen kudeaketa kaskarraren ondorioak

Hamabost urte dira Bidarteko kostan eraikitzeko baimen batek sortutako arazoa hasi zela. Bidarte-Zain auzo elkarteak orduko alkateak BBVAri emandako baimenaren kontrako salaketak bide luzea egin zuen auzitegietan, eta bitartean 17 apartamentu egin zituzten, aurreikusita zeuden 108etatik. Argi geratu zen, nolanahi ere, proiektua Itsasertzeko Legea urratzen zuela, Bidarte-Zainek salatu zuen bezala. Azkenik, Estatu Kontseiluaren behin betiko ebazpenaren arabera, Udalak 2,2 milioi euro ordaindu behar dio BBVAri. Bidarte herri txikia da eta zama ekonomiko handia da dirutza hori ordaindu behar izatea, kudeaketa negargarri baten eta higiezinen gose aseezinaren ondorioz. Eta herri txikia da, halaber, Lapurdiko kostaldeak duen higiezinen presioari aurre egiteko, eragin handiagoa baitu herri txikietan. Bidarteko auzi hori duela hamabost urte hasi zen, baina bitartean higiezinen espekulazioa hazi baino ez da egin Lapurdiko kostaldean. Bertako bizilagunek etxe bat erosi edo alokatzea gero eta zailagoa dela ikusi dute, esate baterako. Ez da gehiegizkoa, hortaz, higiezinen espekulazioaren irrazionaltasunari aurre egiteko erakundeei arrazoizko gestioa eskatzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo