GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Txapartegi: «Hau oso gogorra izan da, eta atsedena behar dugu»

J.L. | OIARTZUN

Luix Txapartegi pozez gainezka zegoen, baina atzokoa oso gogorra izan zela esanez hasi zen hizketan. «Hau oso gogorra izan da. Lan handiak dira hauek, eta orain atsedena behar dugu. Alde txikia egon da, eta agian errebantxa hotsak entzuten hasiko gara, baina orain atsedena behar dugu», esan zuen Aizarnakoak.

Ondoren, apustuari buruzko iritzia eman zuen Txapartegik. «Egia esan beharbada, aizkoran uste baino alde txikiagoa kendu diot. Hor pasa dut apustuko unerik txarrena. Ez nion tarterik kentzen, eta ez naiz gustura aritu. Dena dela, berak aizkoran asko hobetu duela uste dut. Segan, berriz, ni ongi aritu naiz, begiratzen nion berari, eta nahiko justu ikusten nuen. Hala ere, kilo asko batu ditu. Nire ustez, ni baino beheragotik ebaki du belarra», esan zuen.

Aurrera begira, ordea, garbi dauka Txapartegik aizkoran jarraituko duela: «Nik nire ofizioan jarraituko dut. Ez dakit segan berriz ariko naizen. Ez dut uste kirol horretan giro ona dagoenik. Apustu honetarako ez dugu epaileekin akordiorik lortu, eta gero federazioak izan duen jarrera ez zait gustatu, egun berean Euskal Herriko Txapelketako kanporaketa jarri baitute. Hemen, batu beharrean, elkar kentzen ari gara. Hori ez da ona».

Lasa, triste

Jexuxmari Lasa, aldiz, oso triste zegoen. «Horrelako aldearekin irabaztea ederra izango da, baina galtzeak sekulako mina egiten du, hau latza da», esan zuen.

Gainontzean egin zuenarekin, ez zegoen haserre. «Aizkoran nik hirubat minutu inguru galtzea baino ez nuen espero, eta horrela izan da. Laugarren oinbikoan adar handi bat atera zait, eta hor galdu dut denbora asko. Gero, segan ongi aritu naiz, baina honela galtzeak, pena handia ematen dit. Orain hau ahaztu eta atseden hartu nahi dut, ez dut errebantxa hitzik entzun nahi», esan zuen Jexuxmari Lasak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo