GARA > Idatzia > Euskal Herria

Argantzondarrek beraien izaera josten ederki dakitela erakutsi dute

«Garenaren jostun» da atzo Argantzonen egin zen Araba Euskaraz 2007 jairako aukeratu zuten leloa. Goizean, zeru ilunaren mehatxuagatik jendetza bildu ez bazen ere, arratsalderako egoera asko aldatu zen eta gune asko bete-bete eginda ikusteko aukera izan zen. Atzokoa Argantzonek Araba Euskaraz jaia antolatzen zuen bigarren aldia zen: oraingo honek, 2001ean ikastola eraikitzeko eginiko ahalegina errealitate bihurtu dela baieztatzeko balio izan zuen.

Iker IRIARTE | ARGANTZON

Argantzongo ikastola txikiak bigarren bultzada garrantzitsua jaso zuen atzoko egunez, bertan ospatu baitzen Araba Euskaraz. Gure hizkuntzaren nahiz Argantzongo ikastolaren alde eginez, jai giroan euskaraz gozatzeko eta egun ederra igarotzeko aukera izan zuten milaka euskaltzalek. Giro aparta izan zen eta goizean euri pixka bat bota bazuen ere, hainbat ekitaldik jendetza handia bildu zuten -ibilbidean zehar jendeak izan zituen hizketa gai nagusiak entzunda, argi dago dezente garela dagoeneko euskararen aldeko jaiek azken urteetan klimatologiaren laguntza izan ez dutela frogatu dugunak-.

Argantzon Trebiñuko konterrian dago, Burgosko administrazioaren menpean, eta horrek, egoera zaila sortzen du ikastolarentzako nahiz euskaraz bizi nahi duen ororentzako. Hala ere, atzoko giroak, ikastolak azken lau urteetan izan duen gorakadak eta herrira gerturatuaz batera ikusten den lehen afixa erraldoiak -«Trebiñu Araba da»-, horiek guztiak erraz gaindi daitezkela uzten dute agerian. «Garenaren jostun» da aurtengo ediziorako aukeratutako leloa, eta trebiñuarrek josketa lanetan ederki ari direla nabarmen erakutsi zuten atzo.

Argantzonek badaki nola josi

Araba Euskaraz 2007aren irekiera ofiziala goizeko 10.00etan izan zen. Hainbat agintari eta udal ordezkari bildu ziren Argantzongo ikastolaren aurrean eginiko ekitaldian. «Garenaren jostun» dio aurtengo jairako eginiko abestiak eta askok «nola josi hizkuntza herriari, nola bizi euskaraz Argantzonen» galdera egin dute. Antolatzaileek ez dute inolako zalantzarik: «Argantzongo jendearen artean aurkituko dituzue erantzunak».

Agintari eta gobidatuen artean Lakuako Gobernuko ordezkari asko zegoen, baita EA, EB, Ezker Abertzalea Legebiltzar Taldea, Kontseilua eta Udalbidekoak ere. Argantzongo alkate Roberto Ortiz de Urbina izan zen hitz egiten lehena. Honek, sortu berria den udaltaldearen lehen ekimena jaiari sostengua adieraztea izan dela azpimarratu zuen eta Alfredo Oraa bere aitzindariari eskerrak eman zizkion ikastolaren proiektua bultzatzeagatik.

Ikastolako zuzendari Eulalia Salmonek ikastetxearen historia gogoratu zuen. 2001ean «Hasteko erein» lemapean eginiko Araba Euskarazari esker ikastola berria 2003an martxan jarri zela gogoratu zuen, «bidean izandako traba guztien gainetik». Orduko 11 ikasleak gaur egun 40 bihurtu direla ere nabarmendu zuen. Hori dela-eta, ikastolaz «oso harro» daudela gaineratu zuen eta bide honetan guztian euren laguntza eta sostengua eman dietenei eskerrak eman zizkien.

Arabako Ikastolen Elkarteko lehendakariak ere hitza hartu zuen eta «urtez urte, eguraldiak eguraldi» jaiak aurrera jarraitzen duela azaldu zuen. Ikastolaren bizimodua «zaila» izan dela nabarmendu zuen, behar ekonomikoak gero eta handiagoak direla aipatuz eta bidenabar aurtengo edizioaren helburua agertuz. Trebiñuren berezitasunak ere aipatu zituen: «Trebiñuko biztanleen nahia entzun nahi ez duen eta euskal kutsua duen egitasmo orotan trabak jarri dituen administrazio baten menpe dago konderria».

Kokapen horrek berak eraginda, Lakuako Gobernuaren Hizkuntza Ituna jasotzeko zailtasunak dituela ere argitu zuen, eta horregatik zor gero eta handiagoa duela. Horren aurrean, ikastola osatzen duten zutabe guztiek elkarlanean aritu behar dutela esan zuen: gurasoek, ikastola proiektuan sinesten dutenek, bertako irakasleek, gizarteak -halako deialdiei «erantzun ona emanez»-, Ikastolen sareko gainerako ikastolek -Argantzungoari lagunduz- eta Lakuako Hezkuntza sailak -«ikastola honek beste edozein ikastolak duen trataera izan dezan lanean hasiz»-.

Lau tanta

Jarraian, ikastolako lau ikaslek, Aitzinek, Aitziberrek, Jokinek eta Junek, jaiari hasiera eman zioten zinta moztuz. Horrekin batera, Gasteizko gaita jotzaileak lanean hasi ziren. Goiztiarrenek, euren atzetik egin zuten ibilbidearen itzulia. Hasiera ekitaldia euriak «apaindu» zuen arren -Gasteizko Legebiltzarreko lehendakari Izaskun Bilbao ere «egunon; zer edo zer esateagatik» penatu zen-, eguerdia bitarte bota zituen egun osoan bota beharreko lau tantak. Goizean, hodei ilunen mehatxuak jendetza izugarririk biltzea saihestu zuen arren, arratsalderako argitu eta jende andana joan zen Argantzonera.

Ikastolan bertan prestatu zuten Araba Euskarazen edizio honetako lehen gunea. Gazteenentzako gorde zuten gune hori. Bertan, dantzari gazteei eta Betizu Klubeko kideei esker, ezin hobeki pasa zuten eguna Argantzunen bildutako gazteenek, baita heldu askok ere. Hori bai, Tapia eta Leturiak bildu zuten jende gehien gune horretan arratsaldeko kontzertuarekin.

Bigarren gunea, errekaren bazterrean zegoen kokatuta. Bertako ekitaldi nagusia goizean haur, gazte eta helduen gozagarri aritu ziren Pirritx eta Porrotx pailazoen ikuskizuna izan zen. Ehunka lagun jarri zituzten farrez eta dantzan, emankizuna goiza hasi eta gutxira izan zen arren. Gainera, eguraldi ederra probestuz, asko izan ziren erreka bazterreko zuhaitzen azpian jarri eta picnica egiteko aukera baliatu zutenak.

Janaz ari garela, ordea, 4. gunea izan zen nagusi. Izan ere, Eusko Labelek bertan jarri zuen bere txokoa. Bertatik pasatzen ziren guztiei oilo edo behi karetak banatzeaz gain -eguerdirako ibilbide osoan zehar aurki zitezkeen behiak eta oiloak-, piper berde goxoaz eta Errioxako ardoaz lagunduriko oilasko eta zekor pintxoak eskaini zituzten. Horretarako, Andoaingo 244 kiloko txahala erre eta txikitu zuten. Hori dela eta, ehunka izan ziren jatera gune horretara hurreratu ziren euskaltzaleak.

Hirugarren gunea, azkenik, kontzertuen gunea izan zen. Ondorioz, bertan gazteak bildu ziren batez ere. Jendetzarik handiena Gasteizeko Betagarri taldeak eskaini zuen azken kontzertuak erakarri zuen. Ez da ahaztu behar Betagarri taldeak egin zuela aurtengo Araba Euskarazeko abestia.

zorrak kitatzeko

Araba Euskaraz 2007 jaiarekin lortutako dirua Argantzongo ikastola 2003an abian jarri zenetik sortu diren eta urtez urte handiagotzen joan diren zorrak ordaintzera bideratuko da.

244 kiloko zekorra

Laugarren gunea Eusko Labelena izan zen. Bertan, Andoaineko baserri batetik eramandako 244 kiloko zekorra erre eta txikitu zuten bertaratutakoen gozamenerako.

GUNEETATIK KANPO

Antolakuntzak prestatutako lau guneetan jai giroa izan zen nagusi. Hori bai, ibilbidean ere ederki pasa zuten euskaltzaleek, txarangak, gaitariak eta batukada taldeak geratu gabe aritu baitziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo