GARA > Idatzia > Kultura

Porruak, obuluak eta... estreinaldia!

Dorleta URRETABIZKAIA

Aktorea eta idazlea

Ideia batetik jaiotzen omen dira gauza guztiak. Inspirazio jauna atea jo gabe sartzen da gure barruan, edozein egun, gau, eguerdi, ilunabar edota egunsentitan. Une horretan bertan izango da proiektuaren Big-Bang-a. Obulua espermatozoideak ernalduko du. Baratzeko barazkiak lur epelean landatuko dituzte. Eta ezerezetik sortutako ideia hori, hitz bilakatuko da ondoren. Ideien abstrakzioa utzi eta letra zehatzetara. Hizkiz betetako orri bilduma bat sortu arte. Gidoia. Zelulak zatiketa etengabean hasiko dira. Enbrioia sortu arte. Barazkiek ura eta eguzkia beharko dute lurra zeharkatu eta argia ikusiko duten lore-begiak sortu arte. Hitzetatik aurpegiak, gorputzak, ahotsak eta esperientziak aurkitu beharko dira. Hitz zehatzek bihotza izan dezaten. Antzezleak. Enbrioia fetu bilakatuko da. Barazkiak luzatu eta loratu egingo dira. Eszenografia, argiak, jantziak, ekoizpena... Fetua azkar joango da garatzen. Azal, zain, hezur... Barazkiak lurretik aterako dira argiaren bila. Eta, azkenik, guztia gidatuko duen gidaria beharko da. Lan taldea prozesu ilunetik argira eramango duen pertsona. Zuzendaria. Barazkiekin plater goxo bat prestatuko duen sukaldaria.

Hilabetetako prozesua gertatuko da. Abstrakzio mundutik hasitako hori agertoki zehatz batean ikusteko prozesu gogor eta luzea. Ezerezetik osotasunera. Hutsetik betera. Abstraktutik konkretura. Porrua, patata, azenarioa eta tipula txikituko ditu eta kazolan sartuko ditu sukaldariak. Su geldoko bi, hiru hilabetetako berotzea beharko du. Eta lehertzear egongo den memento berean, amaren kontrakzioek haurra kanporantz bultzatuko duten modu berean, leherketa gertatuko da. Estreinaldia. Jaiotza. Big-Bang-a. Begiek ikusiko dute haurra. Ahoek dastatuko dute porru-patata platera. Eta orduan hasi eta amaituko da prozesua. Hasiera eta bukaera. Haurra hazten hasiko da. Porru-patata odolera helduko da. Furgoneta hartu eta herri eta hirietako antzokiak ezagutzen joango da obra. Odolak porru-patataren molekulak zeluletara garraiatuko ditu eta euren jaki bilakatuko dira.

Obra antzokietan antzeztuko da eta ikus-entzuleen bihotzak ukituko ditu. Odola. Furgoneta. Zelulak. Ikus-entzuleak. Eta hasitakoa amaituko da. Eta amaitutakoa hasiko da. Inspirazioak ekarritakoa beste inspirazio berri batek eraman arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo