Xabier Izaga Irakaslea
Arazoa nazionalismoa da
Ez dute egoki jotzen nazionalista bat Nafarroako Parlamentuko buru izatea. Hara gakoa, beraz, eta ez terroristek kutsatutakoen kutsadura jaso zutenek kutsatutakoen sostengua. Purasek esandakoaren hitzez hitzezko itzulpena eginda, ordea, PSNko buruak esan du ez dutela egoki ikusten nazionalista bat Parlamentuko presidentetzan. Nik, egoki edo ez, nazionalista bat ikusten dut, Parlamentuko presidentetzan ez ezik, Nafarroako Gobernukoan ere. Esango didate ezetz, horiek ez direla nazionalistak, abertzale konstituzionalak baizik. Konparatzea ere! Abertzaletasun konstituzionala edo, errezelo txarrik izan ez dadin, patriotismo constitucional delakoa teorizazio modernoa da, erroak erromantizismoan dituen nazionalismoa ez bezala, eta ez omen du hark dakarren anabasaren -nazismoaren eta faxismoaren- arriskurik. Estatu espainolean PSOEren inguruko intelektualek aldarrikatu zuten kontzeptu hori eta gerora PPk, bere egin zuen. Haren aita Habermasek, besteren artean, faxismoa gainditu eta zuzenbidezko estatua ezarri izanaren harrotasun gisa ulertzen zuen. Estatu hori, beraz, demokrazia eta giza eskubideen berme behar luke izan. Eta Espainia (eta Alemania...) ez da halakorik, ezta hurrik eman ere. Gainera, berak ukatzen dituen nazioei balio horien berme izango den estatu konstituzionalik eraikitzeko gaitasuna ere ukatzen die.
Abertzaletasun konstituzionala, esaterako, alegiazko Uraren Legearen abertzaletasunaren parekoa begitantzen zait niri. Azken batean, araudi batekin identifikatzea. Ez da hori espainiar alderdien kasua, ordea. Nazionalismoak nazioa du identifikaziogune, baina nazio batzuk ukatuak dira, eta beste batzuk ukatzaileak, abertzaletasun konstituzionalaren izenean bada ere.
Purasek erdipurdi azaldu badu ere, badakigu zein zen arazoa. Hala ere, zenbaitentzat EAE-ANVren isiltasuna da, kale erasoez edo ETA erakundeaz ez omen duelako ezer esan. Esan, esan du; ez eurek nahi dutena baina. Eta, esanak esan, egin egin behar da. Zer egin dute esan zaleek? Zer egiten ari dira botereguneak banatzeaz edo haiek gabe geldituta deitoratzeaz beste?