GARA > Idatzia > Euskal Herria

Madrilek torturaren auzian duen jarrera salatuko dute Moncloan hainbat eragilek

Nazio Batuetako Torturaren Prebentziorako Hautazko Protokoloa indarrean jarri behar zuen gaurko, ekainaren 22rako, Madrilek; baina begi bistakoa da ez duela deus ere egin. Hiru urtez luzatuko duela esan du.

GARA |

Jose Luis Rodriguez Zapatero presidente espainolaren egoitzara, Moncloara, bertaratuko dira gaur goizean Torturaren Prebentziorako Batzordeko dozenaka kide, Madrilek torturaren gaineko auzian duen jarrera antzua salatzeko. Bertan ere, noski, Euskal Herriko taldeak egongo dira; hala nola, TAT, Behatokia, Salhaketa, Etxerat edo-ta Eskubideak. Izan ere, gaur amaitzen baita Nazio Batuetako Torturaren Prebentziorako Hautazko Protokoloa martxan jartzeko epea, baina Justizia ministro espainolak herenegun esandakoaren arabera orain hasi eta hiru urteren tartean espero dute aplikatzea. Ez ordea, antza, lehenago.

Estatu espainoleko dozenaka talde elkartzen ditu bere baitan Torturaren Prebentziorako Koordinakundeak eta guztiak bertaratuko dira gaur Madrilera. Nazio Batuetako Torturaren Prebentziorako Hautazko Protokoloa indarrean jartzeko epea gaur amaitzen dela kontuan hartuta eta, ostirala izaki, Ministro espainolen Kontseilua egingo dela jakinda, Moncloako Jauregira bertaratuko dira goizeko 11.30ean. Bertan, komunikabideei adierazpenak egiteaz gain, ministro espainolei gutun bat helarazten saiatuko dira.

Bermejo, aurpegia zuritzen

Baina gaurkoa ez da izango torturaren aurkako aldarrikapenak Euskal Herritik at entzunaraziko dituen ekimen bakarra.

Gaur goizean Madrilen egongo diren arren, datorren astean Europara joango dira, zehazki Bruselara eta bertan aurkitzen den Europako Parlamentura. Baina oraingoan euskal herritarrak izango dira guztiak; eragile politikoen eta sozialen delegaritza batetik, eta, bestetik, torturatuak izan diren euskal herritarrez lepo joango diren bi autobus bete bertaratuko dira datorren asteartean Bruselara.

Nazio Batuetako Torturaren Prebentziorako Hautazko Protokoloaren karietara, herenegun eman zuen aditzera Justizia ministro espainolak, Mariano Fernandez Bermejok, datozen hiru urteren buruan ezarriko dutela indarrean. Ez zuen bere borondatez eman albistearen berri; EAJko parlamentari Margarita Uriak egin baitzion Kongresu espainolean zuzeneko galdera.

Oraindik martxan ez jartzeko arrazoiak ematerakoan, Fernandez Bermejok aurpegia zuritu zuen. Ministro espainolaren esanetan, «atzerapena gai hau gizarte zibilari irekitzeko dugun interesean datza». Ministroaren aburuz «gizarte zibil» horretan aurkitzen da, besteren artean, Herri Defendatzaile espainola: Enrique Mugica Herzog.

BRUSELARA

Asteartean, hilak 26, Bruselan izango dira torturatuak izan diren ehun bat euskal herritar; bi autobus antolatu ditu TATek. Gainera, Europako eta Flandeseko Parlamentuan hitza hartuko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo