GARA > Idatzia > Euskal Herria

Segik eta mahaikide ohiek EAE-ANVk Bilbon deitu duen martxan parte hartzeko deia egin dute

GARA |

EAE-ANVk nazio manifestazioa antolatu du biharko, Bilboko karriketan barrena prozesu demokratiko baten aldeko milaka oihu batzeko. Nazio martxaren deialdiarekin bat egin zuten atzo hainbat hamarkadatan ezker abertzaleko mahaikide izan diren hainbat lagunek, eta baita Segi gazte erakunde independentistak ere.

Bilboko Abando hotelean egin zuten agerraldia Herri Batasuneko eta, oro har, ezker abertzaleko mahaikide izandako hainbat politikari ezagunek. Besteren artean, Periko Solabarria, Itziar Larreategi, Pablo Gorostiaga, Txomin Ziluaga, Patxi Erdozain edota Matti Iturralde aurkitzen ziren bertan.

Biharko manifestazioarekin bat egiten dutela adierazteko komunikatu bat irakurri zuten Iturraldek eta Erdozainek, eta Euskal Herriak Estatu espainolarekin eta frantsesarekin bizi duen gatazka gainditzeko «negoziaketa politikoa» beharrezkoa dela nabarmendu zuten. Hala, mahaikide ohiek gogora ekarri zuten historian ezker abertzalea izan dela soilik gatazka gainditzeko proposamenak mahaigaineratu dituena, eta Madrilgo gobernuek, ostera, «errepresioarekin erantzun» duela nabarmendu zuten. Estatu frantsesak, aldiz, «beste alde batera begiratu» izana ere salatu zuten agerraldian.

Hala, gatazka politikoa gainditzearren elkarrizketa eta negoziazio politikoa alboratu ezin daitezkeen bitartekoak direla adierazi zuten eta prozesu demokratiko baten alde agertu ziren. Lurraldetasuna eta euskal herritarren erabakitze eskubidea ere sahiestezinak diren gakoak direla nabarmendu zuten.

Akordio politikoa

Ildo berean, Segi gazte erakundeak ere biharko manifestazioarekin bat egin du, eta euskal gazteei bertan parte hartzeko deia egin die.

Gazte erakundearen aburuz, «akordio politikoa erdiestea lortu ez bada EAJk eta PSOEk nahi izan ez dutelako da. Beren interesak herriaren interesen gainetik jarri dituztelako berriro ere». Hala, gatazka politikoa gaindituko duen akordioa erdiesteko exijentzia behin eta berriz kaleratzeko deia egin dio euskal jendarteari, eta ildo horretan, akordioari uko egiten dioten PSOEren eta EAJren «benetako aurpegia eta jarrera» agerian uztera deitu ditu Euskal Herriko gazteak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo