Emakumezkoak Igoera fasea
Mariñok azken aukera izango du Malaga taldearen aurka
Gipuzkoarrek irabazi egin behar dute, eta hori lortuta, aukera dezente izan ditzakete datorren denboraldian Superligan jokatu ahal izateko
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Mariño taldeak baditu aukerak heldu den urtean emakumezkoen Superligan jokatzeko, eta horixe da irundarren helburua, horretarako, ordea, etzi Malaga menderatu behar dute.
Igoera fasea benetan zaila izaten da. Bi multzotan banatzen dira, eta bakoitzean hiru talde dira. Talde bakoitzak, ordea, bi partida besterik ez ditu jokatzen; bat etxean, eta bestea kanpoan.
Colegio Aleman Valentziakoa da euskaldunen multzoan dagoen beste taldea. Horiek 1-0 irabazi zioten Mariñori, eta 0-2 Malagan. Hasiera batean multzo bakoitzetik bat igotzen zen, eta horiek igoera segurtatuta dute. Beraz, hasiera batean, etzi Mariñok eta Malagak jokatu behar duten partidak ez zuen inongo garrantzirik, baina azken egun hauetako mugimenduek gauzak erabat aldarazi dituzte.
Horiek hala, Mariñok igandeko partida irabazten baldin badu, hiru aukera izan ditzake. Hasteko, badirudi Colegio Alemanek ez duela maila nagusian jokatzeko aukera gehiegi. Haiek nahi dute, baina dirurik ez omen dute. Valencia CF taldearekin harremanetan daude, baina haiek ez omen dute nesken talde batez arduratzeko asmo handiegirik. Hori ezean, babesle handi bat beharko omen lukete, eta hori zaila dirudi. Beraz, haiek azkenean uko egiten badie, igandeko irabazleak lortuko luke igoera.
Beste aukera Pueblaren hutsunea da. Horiek Superligan daude, baina diru arazo asko dituzte, eta bi asteren buruan konpontzen ez badituzte, maila galduko dute. Kasu horretan bi multzotako bigarren onena izango da igoko dena, eta etziko partida berdinean geratu ezean, multzo horretakoa izango litzateke. Azken aukera, Superligako taldeen kopurua igotzean egongo da. Une honetan 14 taldek osatzen dute maila, baina 16 izatea onartuta dago, nahiz eta hasiera batean 2008-2009 denboraldirako den. Hala ere, maila horretako denek nahi dute erabaki hori datorren denboralditik hastea, eta federaziko batzarrean aukera hori ateratzen bada, seguruenik onartuko litzateke.
Beraz, etziko partidak garrantzi handia du irundarrentzat, horiek nahi baitute superligan jokatzea: «Gure asmoa hori da. Federazioari bidali beharreko dokumentazio guztia bidali diegu, eta aukera hori heltzen bada, onenekin arituko gara. Uste dut garrantzitsua dela, bai jokalarientzat, klubarentzat, baita hiriarentzat ere», dio Juan Jose Franchok, taldeko entrenatzaileak.
Multzoko hiruretan Malaga da eskasena, baina kontuz ibili behar dela dio entrenatzaile irundarrak: «Seguruenik Malaga izango da ligaxkako ahulena, baina partida bakar batera edozer gerta daiteke. Neskek presio handia dute, irabazi nahi hori dute denek, eta horrelakoetan edozer gerta daiteke», esaten du.
Orain arte egindako lanarekin oso gustura daudela ere onartu du: «Liga zoragarria egin dugu. Hiru partida ez beste, denak irabazi ditugu eta hiru horietan berdindu egin dugu. Etzi irabazten badugu, uste dut aukera izango dugula Superligan jokatzeko». Leku askotan Gure Txokoa izenarekin agertu da talde hau, baina Franchok argi utzi du ez dela horrela: «Mariñok Gure Txokoaren plaza hartu zuen Lehen Mailan. Haiek ez zuten taldearekin jarraitu nahi, eta guk hartu genuen, talde hori Mariño klubarena da, eta jokalari ia denak dira gipuzkoarrak».
Mariño taldetik zale guztiei dei egiten diete,
etzi, 12.00etatik aurerra Landetxa auzoko
Ugaldea zelaian Malagaren aurka jokatuko duten norgehiagokara joateko.