KRONIKA UDAKO SOLSTIZIOA
«Argindarra medio, egun ia ez du esanahirik; lehen, handia»
Nobedade bereziren bat izan zutenak alboratuta, atzokoa aurrekoen gisako eguna izan zen askorentzat. Bateren bat, ordea, jabetuko zen egunak luze jo zuela atzo; izan ere, udako solstizioa izaki, urteko eguzki-ordu gehieneko eguna izan zen. argindarra izanik, apenas antzematen da aldaketa egun, baina mendeetan ospatu den fenomenoa izan da Solstizioarena.
Maider EIZMENDI
Zortziak eta sei minutu jotakoan. Inor konturatu gabe, seinalerik eman gabe, baina ordu horretan atzo udako solstizioa izan zen eta ofizialki uda sasoian sartu ginen. Hala, atzokoa urteko eguzki-ordu gehien dituen eguna izan zen eta bart gau laburrena abiatu genuen. Horregatik, Donostiako Kutxaespazioan gertaerari «dagokion» garrantzia eman nahi izan zioten, eta hala hainbat ekimen eta eskaintza egin zituzten. Esaterako, goizean gaztetxoentzat «Eguzki ibilaldia» antolatu zuten. Gaztetxoez gainezka zegoen atzo museoa, eskola azken egunak izanik, batera eta bestera irteerak egiteko aukera izaten baitute ikastetxetan. Eguzkiaren funtzio eta garrantziaz jabetzeko ibilaldian 155 gaztek parte hartu zuten.
Gidek Eguzkiaren bero energia azaltzeko esperimentua egin zuten. Baina horretaz gain distilazioan, lurrazalaren tenperaturan, denboran, orientazioan edota fotosintesian eguzkiak duen zeresana azaldu zizkieten, modu praktiko batean eguzkiak hainbat fenomenotan duen eragina mementoan eta modu argi an uler zezaten. Gazteek, aho zabalik asko, arretaz entzun zituzten azalpenak, esaterako, ur gazitik ur geza lortzeko egin beharrekoa azaldu zietenean.
Atzoko ibilaldiaren ostean akaso eguzki-argiak duen zeresana modu argiago batean ulertuko dute denek eta udako solstizioaren garrantzia eta honen harira egiten diren ospakizunak argiro ulertuko dituzte.
Izan ere, aspaldidanik eta munduko makina bat lekutan ospatu den gertakizuna da udako solstizioa. «Lehen, eguzki-argiak egun baino zeresan handiagoa zuen eta ospakizun handia izaten zen udako solstizioa», horrela azaldu du Kutxaespazioko komunikazio arduradun Elena Rosalesek. Hortik, esaterako, solstizioaren harira pizten diren suen jatorria, «nahiz eta kristautasunaren ondorioz San Joan egunera atzeratu diren».
Gaur egun, ordea, elektrizitatea medio, ez zaio udako solstizioari lehen adina garrantziarik ematen, egun luzeagoak izateak ez baitu gure jardunean apenas aldaketarik eragiten. Oraingo kontuak dira baina horiek, lehen ondo kontuan hartu beharreko aldaketak ziren.
«Urte asko atzera joan beharrik ez da eguneko jarduerak eguzkia sartzen zen arte luzatu zitezkeela jabetzeko. Ordutik aurrera etxeko su txikiaren baitan zeuden familiako kideen eginbeharrak».
«Eguzkia geldirik »
Baina izatez zer da solstizioa? Rosalesek ondo azaldu duen moduan, Lurraren makurtasunaren ondorio da. «Lurrak ardatz bertikalaren baitan gira egingo balu ez litzateke solstiziorik izango». Bere esanetan, gure arbasoak, beste fenomeno asko bezala behatuz atzeman zuten gertaera. «Konturatu ziren eguzkia leku ezberdinetatik irteten zela, urteko aldi batean gero eta iparralderago eta urteko beste sasoi batean berriz gero eta hegoalderago». Puntu zehatz batzuetan ordea eguzkiaren sortze lekuaren aldaketa geratu egiten da. «Solstizio hitzak zehazki eguzkia geldirik esan nahi du», azaldu du. Udako solstizioan eguzkiaren irteera iparraldeko punturik gorenean gelditzen da, gero, abenduaren 21a arte luzatuko den iparraldetik hegoalderako bideari atzera ekiteko. Bertan berriz geldituko da neguko solstizioari bide emateko.
Udako solstizioaren harrera egokia egiteko antolatutako ekimenen baitan, «Urteko gaurik laburrena» ikuskizuna aurkeztu zuen Kutxaespazioak atzo gauean; zientzia eta gorputz espresioa tartekatu zituen. Nolabait urteko data esanguratsu hau omendu nahi zuten.