Lurra Zainek A63ak gizartearengan izanen duen eragina salatu du
Idoia ERASO |
Biriatu eta Baiona artean A63 autobidearen ondoan bizi diren auzokideen elkartea da Lurra Zain eta asteazkenean bere biltzar orokorra egin zuen. Autobidearen zabaltze lanek ingurumenarengan izanen luketen eragina izan zuten aztergai biltzarrean.
A63aren jabea ASF enpresak atzeratua dagoen programa erabili du zabalkundeak ekarriko lituzken CO2aren emisioak aztertzeko eta bere arabera txikitu egingo dira bidearen zabaltzearekin. Lurra Zainek eskatu ikerketak aldiz, emisioak handituko direla dio. Gasen emisioak gizarte osoarengan duen eragina ez dela kontuan hartzen ari salatu du elkarteak, igorri gas tonek munduko berotegi efektua handitzen baitu.
Herriko Etxeek autobidearen zabalkundeari buruz bere iritzia emateko garaian gaude. Oraingoz Bidarteko Herriko Etxeak bakarrik plazaratu du bere iritzia eta egitasmoaren kontra agertu da.
Auzokideen negoziazioak
Autobidearen inguruan bizi diren 50 auzokideen gehiengoek negoziaketak bukatuta dituztela jakinarazi zuen elkarteko Mixel Estebanek. Lurra Zainen gomendioak jarraitu dituztenek beren etxeak prezio onean saltzea lortu dutela jakinarazi zuen.
Arazoa orain baserritarrena eta enpresena dela azaldu zuen elkarteko presidenteak. Baserritarren kasuan, lur eremuak 3 eta 30 euro metro koadrotan erosten ari da ASF enpresa eta prezio horrekin ondoren beste zerbait erostea ezinezkoa dela azaldu zuen Estebanek. Enpresetako jabeei ASF enpresarekin ez negoziatzeko eta epaitegietara jotzea gomendatzen die elkarteak.