GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal departamenduaren eskaera tramitera pasatzea onartu du Lasserrek

Atzo Kontseilu Nagusiaren osoko saioan Euskal Departamenduaren eta Pirinioz gaindikoaren gaiak puri-purian izan ziren. Elkartasunerako 25 milioiko aurrekontua onartu zen atzoko osagarrien bozketan.

GARA |

Atzo Paueko Kontseilu Nagusiaren egoitzan izan zen aurrekontu osagarrien osoko bilkuran aurrekontuez gain, gai gehiago ere jorratu ziren. Alderdi Sozialistako Frantxua Maitia, UDFeko Jean Lassalle eta Abertzaleen Batasuneko Jean-Michel Galantek euskal departamenduaren eta Pirinioz gaindikoaren gaia mahai gainean ezarri zuten.

Hiru kontseilari nagusiei erantzuteko asmoz erakundeko presidente Jean-Jacques Lasserrek euskal departamenduaren gaia tramitera pasatzea onartu zuen. Lasserrek orain arte beti ukatu egin zuen gai hori tramitatzea. Paueko kontseiluan ordezkatuta dauden alderdi politikoetako presidenteekin bilduko da Lasserre eta euskal departamenduaren etorkizuna horren arabera erabakiko da.

Pirinioz gaindiko bideari buruz Kontseilu Nagusiko presidenteak ikerketek aurrera jarraituko dutela adierazi zuen. Bideak zeharkatuko lituzkeen herrietako biztanleen borondatea ezagutzeko Paueko kontseiluak kontratatu kabineteak bere lana bukatu arte jarraituko duela adierazi zuen presidenteak.

Estatu espainol eta frantsesak Pirinioetatik gaindi eta Ipar Euskal Herria zeharkatuta ezarri nahi duten tentsio handiko elektrizitate linearen kontra agertu zen Kontseilu Nagusia. Osoko saioan Pirinio-Atlantikoetako kontseiluak egitasmo horren kontra mozioa sinatzea onartu zuen.

25 milioi egitasmo berrientzat

25 milioiko aurrekontua izanen duten egitasmoek atzoko saioan bozkatutakoaren arabera. Elkartasuna izanen da egitasmoen oinarri nagusietako bat. Esaterako, uholdeak jasan dituzten Euskal Herriko eta Biarnoko herriak laguntzeko eta bideak berritzeko 5 milioi euro baliatuko dira.

Elbarrituentzako azpiegiturek aurrekontuaren parte bat hartuko dute. Pauen dagoen Pertsona Elbarrituen Etxe Departamentalaren egitura berria irekiko da BABko hiri elkargoan, Angelun hain zuzen. «Egitura berri honen helburua orain arte sakabanatuta dauden zerbitzuak toki bakar batean elkartzea da» adierazi zuen Lasserrek. Kontseilu Nagusiko presidenteak aditzera eman zuen 2007an departamenduak 50 milioi euro baino gehiago eskainiko dituela elbarritasunaren arazoa jorratzeko.

Biarritzen BABko hiri elkargoak kongresuak eta ekitaldi handiak hartzeko egingo duen Irati gela milioi bat eta erdi eurorekin lagunduko du Kontseilu Nagusiak. Ziburuko portuko lanen finantzamendua ere lagundu eginen dute 2,25 milioi eurorekin.

PirinIoz gaindikoa

Iruñea eta Biarnoko Salis arteko bideak Ipar Euskal Herrian zeharkatuko lituzkeen herrietako biztanleen iritzia ezagutzeko Kontseilu Nagusiak kontratatu kabineteak bere lana bukatu arte jarraituko duela adierazi zuen Lasserrek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo