GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Sega Txapelketak

Nafarroak aurtengo txapelduna ezagutuko du

Gipuzkoako azken kanporaketa ere asteburu honetan jokatuko dute, bai eta nazioarteko erako Euskal Herriko Txapelketako azken saioa ere

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Segalarien denboraldia puri-purian dago, eta kirol hori gustuko dutenek, zorioneko asteburua izango dute, hiru proba ezberdin ikusteko parada izango baitute.

Hasi, bihar egingo dira, Leitzan, Basakabi inguruko belardian jokatuko dute herrialdeko txapelketa. Mariñelarena eta Kanflanka izango dira aurrez aurre. Aurten bazegoen hiru lehiakide izateko itxaropena ere. Telletxeak izena eman ere egin zuen, baina min hartuta dago, eta ez da arituko.

45 minutuko lana egin beharko dute kirolariek, eta tarte hori amaitutakoan belar kilorik gehien ebakitzen dituen kirolariak eramango du txapela. Eskarmentu aldetik Mariñelarenak handiagoa du, urte gehiago baitaramatza segan, baina Kanflanka etxean arituko da, eta bere zaleen babesa ere izango du.

Segalarien lehiaketek, etzi izango dute jarraipena, eta goizean eta arratsaldean izango dira ekinaldiak. Goizean, 12.00etatik aurrera, Errezilen, Erdoizta auzoan, jokatuko dute hirugarren eta azkeneko kanporaketa.

Ligaxka moduan ari dira jokatzen, eta jadanik bi saio jokatu dituzten. Bertan, aurreko bietan aritutako berdinak izango dira nor baino nor, eta honako hauek izango dira: Ormaetxea, Gabirondo, Alkorta, Goikoetxea eta Arteaga.

Etziko saioa betiko erara egingo da. Segalariek orduerdia izango dute lanerako, eta belar kilorik gehien mozten duen segalariak lortuko du garaipena.

Lehen fase horretan bakarra geratzen da kanpoan, eta gauzak asko aldatu ezean, Arteaga izan daiteke kanpoan gera daitekeena. Baliarraingoak oso zaila baitauka aurretik dituen segalariren bat gainditzea.

Nazioarteko era

Segalarien asteburuko azkeneko saioa, etzi arratsaldean, 18.00etatik aurerra ikusi ahal izango da Olaberrian. Euskal Herriko Txapelketako bigarren eta azkeneko jardunaldia jokatuko dute bertan, nazioarteko eran.

Txapel horiek banatzeak garrantzi handia izango dute, baina bertatik aterako da abuztuan jokatuko duten Europako Txapelketarako Euskal Herriko selekzioa ere bai. Beraz, joan den larunbatean Tolosan lan ona egin zuten kirolariek, postu hari heldu nahiko die, eta uste baino gutxiago egin zutenek, berriz, ordukoa ondu nahiko dute.

Mutiletan 27 kirolarik hartu zuten parte lehen jardunaldian, eta azken orduko hutsunerik ez bada, etzi ere horrelaxe izango dira. 100 metro karratuko sail bana moztu beharko dute, eta txukuntsuna eta abiadura uztartuko dira. Ez du balio azkar mozteak bakarrik, txukun mozten ez bada, zigorrak etortzen dira, eta egindako denborari, zigorrak gehitzen joaten zaizkio.

Lehen jardunaldian Agirrezabala izan zen irabazle, eta Igor Esnaola sailkatu zen bigarren. Nesketan, berriz, bederatzi partaide izan ziren lehen jardunaldian, eta Marialuixa Gabirondo izan zen onena. Besteen gainetik agertu zen, eta etzi ere bera aterako da irabazteko faborito. Emakumezkoek, 35 metro karratuko sail bana moztu beharko dute, eta hemen ere, mutiletan bezalaxe, azkartasuna eta txukuntasuna uztartuko dira.

Hemendik aurrera etorriko da onena

Segako denboraldian hemendik aurrera etorriko da onena. Bihar bertan Nafarroako txapela erabakiko da, eta etzi nazioarteko erako Euskal Herrikoa, nahiz eta kasu honetan Europako Txapelketara doazenen izenak jakitea ere garrantzitsua izango den.

Gero, urteko bi lehiaketa handienak etorriko dira, Gipuzkoakoa eta Euskal Herrikoa, biak ere betiko eran. Gipuzkoako txapeldun berria ezagutzeko gutxi falta du, uztaileko lehen egunean erabakiko baita. Geroago, Euskal Herirko finalerdiak eta finala etorriko dira, eta tartean Bizkaikoa. Horiek amaitutakoan, berriz, naziorteko erako Europakoa..

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo