Postmodernitatea euskal kontagintzan aztertu du Jon Kortazarrek liburu batean
Postmodernitatea euskal literaturan presente dagoela Bernardo Atxaga, Unai Elorriaga, Iban Zaldua, Ramon Saizarbitoria eta beste egile batzuen lanetan uste du UPV-EHUko literatur katedradunak.
K.A. | BILBO
«Postmodernitatea euskal kontagintzan» 2003an argitaratu zuen lehenengo aldiz Centro de Profesores y Recursos de Cuencak «Euskal kontagintza gaur. La narrativa vasca hoy» izenburuarekin. Jon Kortazarren jatorrizko gaztelaniazko testua Juan Kruz Igerabidek itzuli zuen euskarara. Ordu hartan bi elez zetorrena oraingoan euskaraz bakarrik argitaratu du Utriusque Vasconiaek «Kritika literarioa» sailean.
Liburu horren abiapuntua Austriako Unibertsitateko irakasle Peter Zimaren teoria bat da. Kortazarrek euskal narratibari aplikatzen dio. Ea postmodernitadea dagoen ala ez euskal literaturan, zein estetikak diren nagusi, nola agertzen den diferentzia, zein diren arazo estilistikoak, zein den inspirazioaren papera eta horrelakoak aztertzen ditu liburuan UPV-EHUko literatur katedradunak.
Nola agertzen da postmodernitatea literaturan? Jon Kortazaren esanetan, «utopiari kritika egina, literatura errezago bat egina, jokuan sinestuz, literatura irakurgarriago bat eginez, liburu bat eraikiz, eta abar. Memento honetan esaten da ez dagoela estetika uniforme bat euskal literaturan, edozein estetikak duela tokia, ugaritasuna dagoela eta nik uste dut hori postmodernitatearen beste ezaugarri bat dela».
Irakasle horren iritziz, postmodernitatearen abiapuntua euskal literaturan Atxagaren «Obabakoak»ek markatu zuen. Iban Zaldua, Andu Lertxundi, Ramon Saizarbitoriaren bigarren arloa, Unai Elorriaga ere aipatu zituen adibide gisa.
Jon Juaristi eta beste egile batzuek euskal kultura ez dela modernitatera iritsi esan dute. «Oraindik ere benetan osagai modernorik ba ote dagoen eztabaidan ari baldin bagara, nola hitz egin postmodernitateaz, bortxaturik izan ezean?» galdetzen dio bere buruari kontra-azalean Kortazarrek. «Nik ez dut zalantzarik. Modernitatea euskal literaturan oso presente dago. Modernidade barik ez da ulertzen Lizardi, ez da ulertzen Lauaxeta» erantzun zuen atzo irakasleak.