GARA > Idatzia > Euskal Herria

UEUk aurten Eibarren egingo dituen ikastaroak aurkeztu ditu

GARA |

Udako Euskal Unibertsitateak (UEUk) aurtengo edizioan, «uda zure neurrira» leloarekin, Eibarren egingo dituen kurtsoak aurkeztu zituen. Eibarren bertan eginiko aurkezpenean, UEUko zuzendaria, Lore Erriondo, UEUko udako ikastaroen zuzendariak, Irati Iciarrek, eta Eibarko udaleko kultura zinegotzi Mari Jose Telleriak izan ziren.

Horiek hala, Debabarreneko herriako ikastaroak uztailaren 2a eta 13a bitartean izango dira.

Uztailaren 2an hasiko diren kurtsoak: «Feminismoaren ibilbideak: historia, akademia eta gizarte-mugimendua», «Bertso-lantegia», «GIS libreen alderaketa eta balioztapena» eta «Euskal hiria historian» hizpide izango dituztenak izango dira.

Bestalde, uztailaren 3an, «HIESak emakumeak nahiago ditu» izena duen ikastaroak emango du hasiera. Horretaz gain, hurrengo egunean, psikologia eta familiaren inguruan jardungo duen «Bitartekaritza familiarraren hastapenak» kurtsoari ekingo diote.

Uztailaren 9an, ondorengo ikastaroen hasiera izango da: «Softwarearen lokalizazioa» informatikaz jardungo duena, «Eibarrek ba al du zer esanik energiaz eta kutsaduraz?» eta pedagogiaz arituko da «Bernard Aucouturierren psikomotrizitate praktikaren inguruan».

Azkenik, uztailaren 11n, «Nazismoa eta islama vs sionismoa?» titulua duen ikastaroa hasiko da eta 12an eta 13an, «Euskararen merkatu balioa» jardunaldiak egingo dituzte Eibarren.

Iruñean eta Baionan

Debabarreneko herrian egingo diren kurtsoetaz aparte, UEUk ikastaroak prestatu ditu Baionan, Iruñean eta Lizarran.

Baionan, uztailaren 9a eta 13a bitartean, antzergintza, kazetaritza, literatura, musika, osasuna, psikologia, argazkilaritza, sexologia eta apiterapiaren inguruan jardungo dira.

Horrekin batera, Iruñean, kurtsoak datorren uztailaren 16tik 21era egingo dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo