GARA > Idatzia > Kultura

Aramaioko VI. Uda Ikastaroak 1930-1945 urteko historia izango du aztergai

J.V.M. | GASTEIZ

«Urte gatazkatsuak Bidasoaren bi aldeetan (1930-1945)» izenburua du aurten seigarren edizioa izango duen Aramaioko Uda Ikastaroak. Arabako Foru Aldundiak, Aramaioko Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV-EHU) elkarlanean gauzatuko dituzten hitzaldiek II. Errepublika eta II. Mundu Gerra arteko tarte historikoari erreparatuko diote, «bai hizkuntza, bai literatura, bai zinemaren ildotik», jakinarazi zuen Santiago de Pablo EHUko irakasleak. Ikuspegi horiek aintzat hartzeak ikastaroa «erakargarri» bihurtzen duela erantsi zuen. Gai horiek jorratzeko hamairu adituk hitz egingo dute.

Federico Berastegi Kultura diputatuak adierazi zuenez, ikastaroaren aurtengo helburuetako bat da «euskara testuinguru politikotik ateratzea historia eta kultura alorretan integratzeko».

Mahai-inguru irekiak

Uztailaren 2an hasi eta 5a arte izango dira hitzaldiak Ibarrako kultur etxean, arratsaldeko 4etatik 8ak bitarte. Hitzaldiok ordubete inguru iraungo dute. Horien ostean adituek mahai-inguruetan parte hartuko dute. Ekintza hori irekia izango da. Ikastarora agertu nahi duenak, ordea, aurretik izena eman beharko du. Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek kreditu bat eskuratu ahal izango dute.

Hizlarien artean, uztailaren 2an, Jose María Tapiz, Javier Ugarte eta Ludger Mess Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak arituko dira, baita Eusko Ikaskuntzako kide Jean Claude Larronde ere.

Uztailaren 3an, berriz, Pariseko UNEDeko irakasle Miguel Peciña Gernikako eta Durangoko bonbardaketen nazioarteko oihartzunaz mintzatuko da.

Ostean EHUko Miguel Aizpuru eta Mikel Urkijo izango dira mintzakide, eta egun horretan bertan Félix Maraña argitaratzailea eta idazleak literatura izango du mintzagai.

Arte plastikoei buruz 1931-1945 aldia hartuko du gaitzat Iñigo Sarriugartek uztailaren 4ean. Marie-Claude Berger Ipar Euskal Herriko artistez arituko da. Andres Urrutia eta Henrike Knörr euskaltzainak ere egun horretan arituko dira garai hartako prentsaren inguruan.

Ikastaroaren amaiera EHU-ko irakasle Santiago de Pablok egingo du uztailaren 5ean, «Zinema eta gerra: dokumentalen eta propagandaren artean. Bi aldeetako laginak» hitzaldiarekin.

Argibideak eta izen-ematea honako telefono eta web gunean aurki daitezke: 902199647; aramaio@hurbilkulturgaiak.com; www.hurbikulturgaika.com/aramaio.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo