Britainia Handiko New Model Army da Aritzatxu Rock Free!!! Bermeoko jaialdiko buru
Aritzatxu Rock Free!!! jaialdiak estilo ugari ekarriko du aurten Bermeora. New Model Army egitarauaren talde nagusia bada ere, rock and rolla, punk rocka, punk elektronikoa, funka eta soula ere entzun ahalko dira.
GARA | BERMEO
Aritzatxu Rock Free!!! Bermeoko musika jaialdiko egitarauaren burua New Model Army Britainia Handiko banda izango da. Kontzertua Pergolan izango da, uztailaren 14an, doan. Jaialdira joaten direnek kanpatzeko aukera izango dute.
Abuztuan kaleratuko dute «High» diskoa, eta hori aurkezteko, Urrian hasiko dute New Model Armykoek Europako bira. Bermeon, beraz, lan berriaren aurrerapena entzun ahalko da.
New Model Army tradizio handiko taldea da. Duela 20 urte baino gehiago sortu zen eta bere ibilbide luzean hainbat estilo jorratu dituzte: post punketik indie rockera, gotic rock edota folketik igaro. Euren musika, gainera, mezu humanitario eta poetikoekin laguntzen dute.
Oliver Cromwell-en Ejerzito Iraultzaile Ingelesetik hartu zuten izena, eta 1980tik dabiltza jo eta ke izaera sozialeko mezuak ematen. «51 State» abestiak, esaterako, inperio amerikarraren aurkako ereserki bihurtu zuten; AEBetan dituzte, hain zuzen, jarraitzaile gehien. Horren ondorioz, AEBetako Gobernuak biraren bat debekatu izan du.
New Model Army taldearekin batera izango dira Anari, Aterkings, The Charades, Criatura, The Flash, Porco Bravo eta Ya Te Digo.
Anari azkoitiar musikariak irekiko du jaialdia arratsaldeko 18.30ean. Saio akustiko bat eskainiko du bere lau diskoen kantekin. Aterkings taldearen rock and rollak jarraituko dio. Markina eta Elgoibarko bost lagunek osaturiko taldeak, Goiko kantaria buruan, «Rock and Roll» eta «Aterqueens» bere bi diskoetako abestiak eskainiko ditu.
Ondoren, The Flash igoko da jaialdiko agertokira. Mikel Biffs bilbotarra buru duen taldeak bertan izandakoak dantzan jarriko ditu bere punk eta soinu elektronikoen nahasketarekin.
Zaragozako Criatura jarriko diote hardcore ukitua jaialdiari, eta The Charades Madrilgo laukoteak power pop soinu goxoak helaraziko dizkio ikus-entzuleari. «When Shining Blue» izenburuko bere diskoaren abestiak aurkeztuko dituzte.
Porco Bravo barakaldarrek, Manu «El Gallego» abeslaria buruan, txundituta utziko dituzte guztiak bere jarduteko moduarekin, eta Ya Te Digo bilbotarrek bere post eta noise rock soinuak eskainiko ditu. Gainera, egun grabatzen ari diren diskoko abestien aurrerapen bat eskainiko dute.
Azkenik, eta New Model Army ingelesen kontzertuaren ondoren, Luis Beltzak dantzan jarriko ditu bertan dauden guztiak jarriko duen soul eta funk musikarekin.
New Model Armyk 1980tik ari da mezu sozialak eta poetikoak uztartzen. AEBetako agintarien kontrako kantak ere egin ditu, eta Gobernuak kontzertuak debekatu egin ditu. Hala ere, hango publikoak harrera ona egiten dio.
Taldeak: New Model Army, Anari, Aterkings, The Charades, Criatura, The Flash, Porco Bravo, Ya Te Digo eta Luis Beltza.
Tokia: Pergola (Bermeo).
Data: Uztailaren 14a.
Sarrera: Doan.