GARA > Idatzia > Kirolak

Motoziklismoa Britainia Handiko Sari Nagusia

Euriak kalte egin dio Efren Vazquezi entrenamenduetan

GP mailan Dani Pedrosa izan zen denborarik onenaren jabe Haydenen aurretik. Alex De Angelis eta Gabor Talmacsi izan ziren bizkorrenak beste bi mailetan.

GARA | DONINGTON PARK

Donington Parkeko zirkuituak ez dio ongietorri berorik egin Efren Vazquez euskaldunari. Mundialean izan duen lehenengo hartu-emana garratza izan da Vazquezentzat, atzoko aurreneko entrenamenduetan irteerako parrilatik at geratu baitzen.

Euria zela-eta, piloto bizkaitarrak ez zuen denbora onik egin eta uneotan irteerako parrilatik kanpo geratu da, atzo 250 zentimetro kubikotan denbora onena egin zuen Alex De Angelisek egindakoa baino %107 gorago geratu baitzen beronen denbora. San Marinokoak kronometroa 1:46.582an geratu bazuen, Vazquezek 1:56.191 egin zuen.

Munduko Txapelketan ez ezik, Donington Parken ere debuta egin zuen atzo Efren Vazquezek eta euskaldunari nabaritu zitzaion pistaren katramilak menperatzeke zeuzkala. Ondorioz, irteera parrilaz kanpo dago, baina gaurko entrenamendu saioetan bigarren aukera izanen du. Hala ere, argi ibil daiteke euskalduna gaurko ere euria agintzen baitute metereologia aurreikuspenek.

Pedrosa azkarrena

GP mailan, nahiz eta euripean gidatzea batere gustuko ez duen, Daniel Pedrosa katalanak lortu zuen denbora onena. Ez zuen, ordea, itzuli azkarrena eman soilik, erritmo oso altuari eusteko gai izan zen gainera Bartzelonako pilotu gaztea.

Hala ere, eguneko markarik onena entrenaldiko azken minutuan baino ez zuen ezarri. Bere atzetik egungo munduko txapeldun Nicky Hayden geratu zen, Pedrosak baino segundo erdi gehiago behar izan zuen, eta hirugarren, aldiz, euripean hobekien moldatzen den Suzukiko pilotua: Chris Vermeulen. Laugarren lekuan, berriz, Colin Edwars geratu zen, azken minutura arte bera izanik denbora onenaren jabea.

Zazpi bider Munduko Txapeldun izan den Valentino Rossik, ordea, zeharo egun aldrebesa bizi behar izan zuen. Euria hasi baino lehenagotik okertu zitzaion eguna italiarrari, erori egin baitzen itzuli bat ematen ari zela. Gero, berriz, nahi bezain azkar ibili ezinik izan zen Rossi «doktorea». Azken orduan hamargarren lekuarekin konformatu behar izan zuen.

Nahi adina erorketa

«Litro laurdenean» Alex de Angelis izan zen denbora onenaren jabe. Bere atzetik, berriz, Andrea Dovizioso sailkatu zen.

Aipagarria da entrenamendu saio hauetako benetako protagonistak erorketak izan zirela. Makina bat pilotu zilipurdika joan ziren entrenamendu saioan; hala nola, Alvaro Bautista, Thomas Luthi suitzarra, Julian Simon, Fabrizio Lai italiarra, Jules Cluzel frantsesa, Alex Baldolini italiarra eta Aprilia etxeko gidari Karel Abraham txekiarra, baita Alex De Angelisbera ere une batean, denak hankaz gora joan ziren entreamenduotan. Dena den, eroritako pilotu batek ere ere ez zuen kolpe larririk jasan.

Azkenik, 125 zentimetro kubikotan Gabor Talmacsi hungariarra izan zen denbora onenaren egilea. Bigarren lekuan, zazpi ehunenekotara bakarrik, Hector Faubel sailkatu zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo