GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Iheslariaren bizitza ez da erraza, baina bai duintasunez betetakoa»

Zigor RUIZ JASO
Ingalaterran gatibu dagoen preso politikoa

Iruñean sortutakoa, etxetik ihes egin behar izan zuen Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoa dela medio. Egoera berean ziren baita Iñigo Albisu eta Ana Lopez ere. ETAko kide izatea egotzita, Ingalaterrako Sheffield herrian atxilotu zituzten hirurak joan den apirilean. Orduz geroztik, Londresen daude preso. Datorren uztailaren 10ean epaituko ditu epaitegi ingeles batek.

GARA |

Joan den apirilaren 27an, Polizia ingelesak Iñigo Albisu, Zigor Ruiz eta Ana Lopez euskal iheslari politikoak atxilotu zituen Ingalaterrako Sheffield herrian. Guardia Zibila eta Auzitegi Nazional espainola ere polizi operazioaren atzean izan ziren.

ETA erakunde armatuko kide izatea leporatzen diete, baina hiru iheslari politikoak kontratu eta guzti ari ziren lanean Ingalaterran. Hiruren egoeraren berri eman dio GARAri Zigor Ruiz iruindarrak. Era berean, iheslari politiko baten bizitza nolakoa den azaldu du.

Euskal Herriak bizi duen gatazkaren ondorioz egin zenuten ihes. Orain, arrazoi berdinek, politikoek, gatibu bihurtu zaituzte. Nola zaudete? Zer nolako baldintzak dituzue? Nolako jarrerak aurkitu dituzue?

Ondo gaude, baina espetxea ez da inor bahituta izateko tokia. Espetxea bera gogorra da, jendea hiltzen da bertan.

Belmarsheko espetxea nahiko gogorra da. Segurtasun neurriak oso handiak dira, ikaragarriak. Funtzionarioek ez dute gurekiko jarrera berezirik hartu, baina era guztietako trabak jartzen dizkigute. Preso «arriskutsu» bezala gaude sailkatuta, eta horrek gauza askotarako baldintzatzen gaitu.

Aldiz, beste presoek jarrera ona dute gurekiko. Orokorrean ez dute Euskal Herria ezagutzen, baina gure kasua azaltzean babesa eskeintzen digute. Harriturik geratzen dira Espainian eta Frantzian dagoen demokrazia eskasiarekin.

Espetxe barruan ez zaudete elkarrekin. Ba al duzue elkar ikusteko akerarik?

Iñigo eta ni Belmarsheko espetxean gaude. Berrogei egun banatuta egon ondoren, azkenean, modulo berean jarri gintuzten egindako borrokaren ondorioz. Horrenbestez, egunean bi orduz elkar ikusteko aukera dugu orain. Ana, ordea, bakarrik dago emakumeentzako soilik den beste espetxe batean.

Atxiloketa egunean, aste batzuk lehenago Guardia Zibilak egindako hainbat atxiloketekin nolabaiteko erlazioa zenutela eman zuten aditzera komunikabideek. Nola izan zen atxiloketa unea? Zer egotzi dizuete?

Atxiloketak 7.30ak eta 12.00ak artean gertatu ziren. Londreseko epaitegira eraman aurretik, gure kontrako karguak ezagutarazi zizkiguten Sheffieldeko komisaldegi batetan.

Handik pasa ondoren, zuzenean eraman gintuzten Belmarsheko espetxera. Terrorismo delitua dela eta atxilotu gintuzten, erakunde armatuko kide izatea egotzi baitziguten.

Zer nolako irakurketa egiten duzue gertatutakoaz?

Gure atxiloketak eta aste batzuk lehenago Nafarroan eta Gipuzkoan gertatutakoak Estatu espainolak azken hilabeteetan aurrera eramandako errepresio estrategiaren barnean daude.

Zehazkiago, atxiloketok sortutako giroa ezker abertzalea hauteskundeetan present ez izateko profitatu nahi zuten. Eta lortu dute. Bestalde, guztiz salagarria da Estatu espainolak Erresuma Batua inplikatu izana. Irlandako gatazkan negoziazioaren eta akordioaren alde egin duen bitartean, euskal herritarren aurka errepresioa gauzatu du Estatu espainolaren eskutik.

Nola deskribatuko zenuke iheslari politiko baten bizitza?

Ez da bizitza erreza, baina bai duintasunez betetakoa. Euskal Herriaren alde borrokatzeagatik egin behar izan genuen ihes, eta borrokatzen jarraitu dugu. Sakrifizioak handiak diren arren, merezi duela nabarmendu nahi dut. Euskal Herriak merezi du.

Madrilera eramateko eskaera mahai gainean dago. Hain zuzen ere, uztailaren 10ean aztertuko dute. Zer espero duzue?

Britainiar epaitegiek espainolek baino gehiago zaintzen dute itxura demokratikoa, baina ez dugu ezer onik espero. Erabakia hartuta dago dagoeneko: erabakia, politikoa da.

ETAk bertan behera utzi berri du su eten iraunkorra eta Gobernu espainolak iraganeko bideak ibiltzeko prestutasun osoa agertu du. Nola ikusi duzue prozesua bera? Zer ondorio atera duzue?

Ezinezkoa da prozesu politiko bat aurrera eramatea bi aldeetako bat etengabe erasotuta den bitartean.

Ezker abertzaleak ez du inoiz Euskal Herria salduko; hori, argi geratu da. Beste eragileen interes partikularren eta ezkutuen gainetik, ezker abertzaleak Euskal Herri osorako marko demokratiko bat eraikitzearen aldeko konpromisoari eusten dio: alegia, euskal herritarren eskubide kolektiboen eta indibidualen aitortza eta egikaritzea. Egun, erabakitzeko eskubidearen baitan jasotzen duten bi autonomia estatututan gauzatzen da hori, etorkizunean zazpiak bat eta burujabe izan gaitezen. Benetako borondatea behar da gatazka gainditzea ekarriko duen prozesu politikoa aurrera eramateko.

Nola ikusten duzue Euskal Herriko etorkizuna?

Euskal Herriaren etorkizuna idatzia dago: askatasuna. Europako herri zaharrenetakoa izanda, bizirauten jarraitzeko ez daukagu beste aukerarik. Euskal Herria askea izango da edo, bestela, hemendik gutxira, ez da izango. Beraz, askea izango da.

ingalaterra

«Irlandako gatazkan negoziazioaren eta akordioaren alde egin du, baina euskal herritarren aurka errepresioa gauzatu du»

etorkizuna

«Euskal Herriaren etorkizuna idatzia dago: askatasuna. Askea izango da edo, bestela, hemendik gutxira ez da izango. Beraz, askea izango da»

borroka

«Euskal Herriaren alde borrokatzeagatik egin behar izan genuen ihes eta borrokatzen jarraitu dugu. Gure herriak merezi du»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo