Idoia Ibero Gipuzkoako Batzar Nagusietako EAE-ANVko batzarkideen izenean
Herritarren borondatearen arabera, hamabi batzarkide
Gipuzkoako Batzar Nagusietako osaketaren ostean, batetik hauteskundeen balorazioa egin nahi dugu, eta bestetik, beste alderdi politikoei enplazamendu bat egin.
Hauteskunde horiek ez dira demokratikoak izan. Ilegalizazioaren ondorioz, hauteskunde horietan alderdi guztiok lortu ditugun ordezkaritzak ez dira egoera normalizatu batean lortutakoak eta ez dira emaitza errealak ere. Inposatu zaigun egoera horren ondorioz, emaitzak ere desitxuratuak izan dira. Hala ere, Gipuzkoan bigarren indarra izatera iritsi gara, 7.232; bozekin hamabi batzarkide lortu ditugu. Horietako 5 batzarkide PNVk lapurtuko dizkigu, 2 EAk, 3 PSEk eta 2 PPk. Ez dugu inolako zalantzarik beste alderdien aukera berdinetan aurkeztu izan bagina, lehenengo indarra izatea lortuko genukeela.
Egoera normalizatu batean bagina, gaur alderdi guztion ardura bakarra hauteskunde emaitzen arabera udalak, batzar nagusiak eta nafar Parlamentua osatzea beharko luke izan.
Gure kasuan, Gipuzkoan, instituzio ezkerzale eta abertzaleak bultzatzea. Baina, zoritxarrez, hauteskunde ez demokratikoen ondorioz, badago alderdi guztientzat lehentasunez konpondu beharreko arazo oso larri bat. Gure parte-hartzea nola bermatuko duzue? Izan ere, maiatzaren 27aren ondore, Alderdien Legearen ondorioz osatu den errealitate ez demokratikoari aurre egiteak lehentasun osoa du, instituzioetako egoera ez demokratikoa lau urtez mantendu nahi ez badugu, honek gure herriaren elkarbizitza sozial eta politikorako dakartzan ondorio ezin larriagoekin.
Ezker abertzaleak Gipuzkoan 291 hautetsi lortu ditu eta guztiek herritarren borondatea ordezkatuta, ondorioz, zilegitasun osoa dute herri honen aurrean, herriak aukeratu baitituzte. Hala ere, 95 karguetatik 65 lapurtu eta 30 ez dituzte hartu (%31,57).
Egoera ez demokratikoari aurre egitea, beraz, ez da soilik ezker abertzalearen ardura, demokraziarekin konprometituak gauden guztiona baizik. Hauteskunde ez demokratikoen ondorioz gertatu den kalteari erreparatu behar zaio; guztion artean. Horretarako maiatzaren 28an bertan iragarri genuen beste alderdi politikoekin martxan jarri dugun harreman dinamika, bai nazioan baita herri eta herrialdean ere.
Hausnarketa horren baitan gauza zehatz bat eskatzera gatoz alderdi guztiei: hauteskundeotan erakutsi den herritarren borondatea errespetatu eta beraiei ez dagozkien karguak ez betetzeko konpromisoa hartzeko eskatzen dizuegu. Gaurkoan gainera dei ozen bat egin nahi diegu: garaiz gabiltza, kargu lapurreta ekiditeko aukera oraindik zabalik dugu. Herrietan LOREG legearen 182.2 artikuluak horretarako aukera ematen du, aukera legala gainera. Gonbidapen zuzena da: nola gainditu ditzakegu Alderdien Legeak sortutako ondorioak instituzioetan? Zer urrats emateko prest gaude herritarren borondatea errespetadezateb, gu guztiok geure proiektu eta proposamenak berdintasunez jorratzeko aukera izan dezagun osatuko diren instituzio guztietan?
Inoiz baino beharrezkoagoa dugu gatazka konponbidera eramango duen prozesu demokratikoa martxan jartzea, eta, beraz, konpromisoen garaia da. Aprobetxa dezagun aukera, aurrera egiteko, beste errealitate bat osatzeko, Euskal Herrian, bakean eta demokrazian inbertitzeko. Gure esku dago, gu guztion borondate politikoaren esku.