GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskararen aldeko erakundeak bildu dituzte Sakanako Bai Euskarari Mapan

Puzzle baten moduan osatu zuten atzo Bai Euskarari Mapa Sakanan. Mankomunitateko udalerri gehienetako ordezkariak elkartu ziren bakoitzak bere zatia eransteko. Bai Euskarari Ziurtagiria duten elkarteak bildu zituzten mapan jendeak identifika ditzan.

SAKANA

Bai Euskarari Maparekin Sakanan euskaraz bizitzea errazagoa izanen dela baieztatu zuten atzo Kontseiluko ordezkariek. Izan ere, Sakanako Mankomunitatea osatzen duten udalek Bai Euskarari Ziurtagiria duten enpresak, saltokiak eta era guztietako elkarteak bildu zituzten bertan.

Mapa udaletxeen kanpoko aldean paratuko dutenez, «Sakanara joaten den edonork euskararen alde lan egiten duten erakundeak zeintzuk diren jakiteko eta aintzat hartzeko aukera izango du», aurkezpenean adierazi zutenez.

Proiektu berria da hau, bigarren edizioa da Sakanakoa. Joan den urtean abiatu zuen Kontseiluak egitasmoa, Zarautzen hain zuzen ere. «Oraingoan, Gipuzkoatik Nafarroara egin dugu salto, eremu euskaldun batetik bestera», azaldu zuten Kontseiluko ordezkariek. Duela sei urtetik hartzen du parte Sakanako Mankomunitateak Bai Euskarari Akordioan, eta dagoeneko 66 dira Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu duten erakundeak. Atzo, akordioaren oinarri diren ziurtagiridunak ezagutarazteko beste pauso bat eman zuten.

Sakanako mankomunitatea osatzen duten udal gehienetako ordezkariak izan ziren aurkezpenean, eta kontent ziren Kontseiluko lagunak «sentsibilitate politiko desberdinen babesa» jaso dutelako.

Alkate eta zinegotzi gehienak

Sakanako Mankomunitateko udalerri gehienetako ordezkariak izan ziren Bai Euskarari Maparen aurkezpenean, bakoitzak bere pieza itsatsiz puzzlea osatzeko. Etxarri-Aranatz, Arbizu, Altsasu, Urdiain, Irurtzun, Ergoien eta Arruazu herrietako alkateak izan ziren ekitaldian. Arakil, Ziordia, Bakaiku, Olazti eta Lakuntza, berriz, zinegotziek ordezkatu zituzten.

Errazagoa

Mapari esker, Sakanan euskaraz bizitzea errazagoa izanen da Kontseiluaren arabera, Bai Euskarari Ziurtagiria duten enpresak, saltokiak eta mota guztietako elkarteak bildu baitituzte bertan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo