GARA > Idatzia > Editoriala

Blairren agintaldiak itzala utzi du

Gaur, Tony Blairrek Britainia Handiko lehen ministro kargua utziko du; alderdikide eta orain arteko Ekonomia ministro Gordon Brown izango da haren ordezkoa. Britainia Handiko lehen ministro ospetsuena izatera iritsi bazen ere, historian onarpen gutxien izan duen lehen ministroak utziko du kargua, hain zuzen. Muturreko bi egoera horien artean, munduan zein Britainia Handian bertan hartutako erabaki zenbaiten porrota dago, eta arrakasta bakarren bat ere bai. Blairrek berak bazekien Irlanda zela egindako kudeaketatik historiarako utz zezakeen garaipen bakarra; horregatik, bertako Gobernua osatzeko adostasuna lortu bezain pronto iragarri zuen lehen ministro kargua utziko zuela. Gainerako esparru guztietan egin daitezkeen balantzeak ez dira batere onak; eta historian gordetzekoak baino, britainiarren artean Blairrek irabazi duen ospe txarra azaltzeko balio dute.

George W. Bushek Europan izan duen ezkutaria leialena izan da Blair. 2001. urteko irailaren 11ko atentatuen ondoren, Blairrek baldintzarik gabeko laguntza eskaini zion Bushi. Urte hartan bertan parte hartu zuen Afganistango inbasioan, eta handik bi urtera, Irak indarrez hartzen lagundu zion Amerikako Estatu Batuetako presidenteari. Gainera, horren agintaldian, Britainia Handiak «Terrorism Act 2000» ezarri zuen; segurtasunaren izenean, herritar guztien askatasunak eta eskubideak murrizten zituen lehen legea izan zen.

Baina Alderdi Laboristak 1997an eta 2001. urtean lortutako garaipen zabaletatik 2005ean hartutako jipoira eramandako gaien artean bada laborismoaren jarduerarekin eta ideologiarekin, teorikoki, zerikusi handia ez duen beste elementu bat: Blairren politika ekonomikoak desberdintasun izugarriak sortzea, pobrezia handitzea eta familien erosteko ahalmena murriztea ekarri du.

Gordon Brown-i eta laborismoari erronka handiak utzi dizkio Tony Blairrek. Guztien artean agian inportanteena izango da, haien hautesleen aurrean izaera sozialdemokrata eta aurrerakoia berreskuratzea. Hamar urte horietako jarduera ikusita, ez da batere erronka makala izango.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo