Etxebizitzaren arazoa ulertzeko hainbat gako bildu du Etxegorrik DVDan
DONOSTIA
Etxegorrik azken urteotako lanaren emaitza aurkeztu zuen atzo goizean: etxebizitzaren arazoa ulertzen lagun dezakeen DVDa. Herri eta gazte mugimenduentzako tresna dela erran zuten eta www.etxebizi tzaeskubidea.net helbidean denen eskura paratuko dutela jakinarazi zuten.
Arkitekturako hainbat ikaslek sortu zuen Etxegorri proiektua orain dela lau urte, jakintza horretan balore sozialistak aplikatzeko, eztabaida eta hitzaldiak antolatzeko eta jardunaldiak egiteko. Etxebizitzaren inguruan dagoen informazioa eta Euskal Herrian arazoa gainditzeko lanean diharduten eragile ugariren lanak biltzen ere aritu dira. Horren emaitza da, hain zuzen ere, atzo aurkeztu zuten DVDa, «gazte bezala guztiok jasaten dugun arazo honen aurrean egiten dugun prestakuntzarako ekarpen soila, informazio bilketako ondorioen eskema».
Heziketarako, lanerako eta borrokarako tresnatzat hartzen dute liburuxka interaktibo formatoa duen DVDa.
«Irakurterraza, arina, berritzailea eta banatzeko errazagoa» delako aukeratu dute formato hori Etxegorriko kideek, lana denen eskura jarri nahi dutelako. Asmo horrekin plazaratuko dute uztail hasieran CD interaktiboa.
Lana CDan eta interneten ezagutarazteaz gain, ekitaldiak eginen dituzte udan hainbat herritan. Horietan, etxebizitzaren arazoari buruzko irakurketa eginen dute eta gaiaren inguruko gakoak nabarmenduko dituzte: etxebizitza eskubide bezala ulertu behar dela ohartaraziko dute, Euskal Herrian arazoaren erroa zein den azalduko dute, erantzuleak nor diren, administrazioaren etxebizitza ereduak aztertuko dituzte, soziologia eta tipologiak, ekonomia eta estamentuak, baita konponbiderako ardatzak ere.
Lana egin ondoren, etxebi- zitza duina eskubidea dela eta une honetan ez dutela bermatuta ondorioztatu dute Etxegorrikoek. Argi dute aldaketa herritarren esku dagoela, gazteen esku.