EAE-ANV: «Deustu ez da arriskutsua, lokal beretan izaten dira beti istiluak»
Joan den asteburuan Bilboko Deustun gertatutako hilketaren harira, EAE-ANV udal taldeak argi utzi nahi izan zuen atzo auzoa ez dela arriskutsua, nahiz eta azken egunotan «hedabide eta politiko batzuek Deustu osoa lotu duten beti lokal beretan izaten diren istiluekin».
BILBO
Aste bukaeran Isabel Cristina Valencia neska gaztea hil zuten Deustun, eta Bilboko auzoa arriskutsutzat jo dute zenbait komunikabidek eta alderdi politikok. EAE-ANVk idatzi baten bidez salatu zuenez, arduragabekeriaz jokatu dute beti lokal berberetan gertatzen diren istilu eta liskarrekin Deustu osoa lotzean. Udal talde ekintzailearen arabera, errealitatearekin bat heldu ez diren segurtasunik eza eta beldurra sentiarazten diete bizilagunei adierazpen horiekin, dendari eta ostalariei kalte handia egitearekin batera.
Bertze kritikarik ere egin zuen EAE-ANVk: udaltzainak propaganda egiten aritzen direla adierazi zuen alderdi abertzaleak, beharrezko ez den ordu eta lekuetan. Istiluak izaten diren ordu eta lokaletan, ordea, beren falta sumatzen dute. «Istiluak udaltzainak desagertzen direnean gertatzen dira, Chentes-Fania lokalaren inguruko eta Destuibarrako bizilagunek behin eta berriro salatu duten bezala» azaldu zuen udal taldeak.
Udal agintariei beren ardura betetzeko eskatu zien EAE-ANVk, baita «Chentes-Fania, Mau-Mau eta horrelako lokalen aurka presazko neurriak hartzeko» ere, behin betiko ixtea barne. Izan ere, «lokalen izena aldatzen den arren, pertsona berberek gobernatzen dituzte eta ireki zituztenetik (batzuk orain dela zenbait hamarkada) istilu bortitzak eta bizikidetza-arazoak sortu dituzte beti».
Alderdi ekintzailearen arabera, istilu guztiak ezin zaizkio etorkinen komunitate jakin bati leporatu, telebista kate lokal batzuek modu interesatuan egiten duten bezala, «alarmismoa eta demagogia» etengabe baliatuz. Astero izaten dira indarkeria ekintzak Deustuibarran eta Zorrotzaurren. Azken 20 urteotan, Chentes izeneko dantzalekua ere istilu ugariren lekuko izan da. Baina, EAE-ANVk ohartarazi zuenez, borroka eta liskar horien egileak ez dira orain deabrutzat dituzten komunitate horretako kideak.
Ahizparen adierazpenak
Carolina Valenciak, igande goizaldean Deustuko dantzaleku batean hil zuten Isabel Cristinaren ahizpak, adierazpenak egin zituen tanatorioko atean. «Hor ikusi arren, ezin dut sinetsi, ez nuen horrelakorik espero, bere izaerarekin gainera, hain lasaia, hain umea. Hor ikusita ere, ezin dut gertatu dena irentsi», azaldu zuen. Carolinak erran zuenez, ahizpa «une desegokienean» zegoen diskotekan. Gau hartan etxean gelditzea erabaki omen zuen, baina lagun batek deitu eta ateratzera animatu zuen.
Ertzaintzaren ikerketaren hipotesi batek dioenez, ustezko hiltzaileak, A.M.D 19 urteko gazteak, labana sartu zion eztarritik eztabaida izan zuen zerbitzari bat zela pentsatuta.
Lekuko batzuen arabera, ustezko hiltzailea eztabaidan aritu zen dantzalekuko zerbitzari batekin izotzak zirela-eta. Langilearen bikotekideak indarrez atera omen zuen diskotekatik.
Deustuko lokalean izan zirenek azaldu dutenez, erasotzailea berriro sartu zen, adiskide batekin eta labanarekin, eta kalera bidali zuen mutila bilatu bitartean bi pertsonari egin zizkion zauriak armarekin.
Ertzaintzaren hipotesi batek dio ustezko hiltzaileak, A.M.D 19 urteko gazteak, Isabel Cristina eztabaida izan zuen zerbitzaria zela pentsatu zuela. Bere parera ailegatu zenean atzetik eraso eta labana sartu zion zintzurretik.