GARA > Idatzia > Euskal Herria

Oraindik ez dituzte kendu Karrantzan bidetik irten ziren bagoiak

KARRANTZA

Oraindik ere, erretiratu gabe daude joan den ekainaren 16an Karrantza eta Gibaja arteko tartean bidetik irten ziren bost bagoiak.

Hainbat komunikabidetara jakitera eman dutenez, bost bagoiak maniobrak egiten ari ziren Karrantzako tren geltokian eta askatu egin ziren. Kontrolik gabeko bidea bost kilometro luzez egin, eta bihurgune batean bidetik atera ziren. Gainera, aipatutako bagoietako bakoitzak 40 tona ikatz zeramatzan.

Okerragoa izan zitekeen

Istripuaren ondorioz inor ez zen zauritu baina ezbeharraren ondorioak larriagoak izan zitezkeen kontrako bidean Gibajako tren geltokitik abiatuta zetorren eta bidaiariak zituen trenak abisua garaiz jaso ez balu; tarte batean bi norabideetako trenak bide bakarretik igarotzen dira.

FEVE enpresak, trenaren jabeak hain zuzen ere, ikerketak abiatuko dituela jakinarazi zuen, ezbeharra eragin zuten arrazoiak jakiteko asmoarekin.

Oraindik orain, bost bagoiek istripua gertatu zen lekuan jarraitzen dute. Enpresako iturriek azaldu dutenez, aste honetan bertan kentzeko asmoa dute, baina horretako tamaina handiko garabiak erabili behar izango dituzte. Horiek hala, tren zirkulazioa eta aldameneko errepide bat moztu behar izango dituzte. Ahalik eta traba gutxien sortzeko-edo, lanak gauez egiteko asmoa dutela esan dute FEVE enpresako iturriek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo