GARA > Idatzia > Kultura

Cherish The Ladies, 17 Hippies, Toumani Diabate eta Dulsori, Getxo Folken

GETXO

Cherish The Ladies, 17 Hippies, Toumani Diabaté Et Orchestra Symetric eta Dulsori arituko dira Getxoko Nazioarteko Folk Jaialdian -Getxo Folk- aurten, atzo Kultur Etxeak aurreratu zuenez.

Irailaren 5etik 8ra, hainbat herritako musikak eta kulturak erakutsiko dira Getxon. Egitarauan, musika emanaldiez gain, bestelako jarduerak ere badaude: Bidezko Merkatua, Munduko Terraza eta kaleko banden desfileak, adibidez. Ohi bezala, kontzertu eta ekitaldi guztietarako sarrera doakoa izango da.

Kontzertu nagusiei dagokienez, aurten 17 Hippies taldeak zabalduko du jaialdia. Alemaniako talde horrek Ekialdeko Europako tradizioan oinarritutako soinuak eta pop eta rock erritmoak uztartzen ditu, Berlineko 80ko hamarkadako giro musikala berpizteko asmoz. Halaber, beste hainbat doinu ere erabiltzen ditu taldeak: chanson frantziarra edo polka, besteak beste. Horiek erabilita, eskarmentu handiko 13 musikariz osatutako bandak bere aniztasun erritmikoa gehitzen du.

Bigarren egunean, Cherish The Ladies emakumezko taldeak hartuko du lekukoa. Azken 20 urteotan, Mick Moloney musikari ospetsuak bultzatutako boskotea folk musikaren panoraman nabarmendu da, taldekideen birtuosismoa dela eta. Munduko txoko guztietara eraman dituzte erritmo zeltak eta maila handiko talde eta artistekin aritu dira, esate baterako, Joan Baezekin eta The Chieftainsekin. Halaber, bere jardueran, Cherish The Ladiesek hainbat sari lortu ditu. Horien artean, BBCk Urteko Talderik Onenari emandakoa nabarmendu behar da.

Maliko musika

Jaialdiaren erdialdean, irailaren 7an, Maliko Toumani Diabate musikaria jardungo da Getxon, Orchestra Symetric taldeak lagunduta. Kora-jolerik onena omen da Diabate eta bere herriko instrumentu horren doinuak munduan zehar zabaldu ditu. Azken urteotan artista maliarrak Afrikako musika berritzeko apustua egin du, horren nortasuna galdu gabe. Asmo hori abiapuntu hartuta, Symetric Orchestra sortu zuen, Afrikako mendebaldeko zenbait herritako 14 musikariz osatutako taldea, hain zuzen. Taldeak tradiziozko eta gaur egungo instrumentuak erabiltzen ditu.

Azken egunean, irailaren 8an, Dulsori talde korearrak itxiko du jaialdia. Asiako talde horren kontzertuek Koreako tradiziozko perkusioa hartu dute ardatz nagusi. Horrekin batera, publikoarekiko elkarrekintza funtsezko ezaugarri du. Zuzeneko saioak indar handikoak eta biziak omen dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo