Laura Mintegi Idazlea
Familia, etxekoak eta eskelak
Urtero-urtero ateratzen da gaia ikasgelan: tira, telefonoa edo autoa esateko euskarazko hitzik ez egotea ulertzekoa da, orain 40.000 urte euskaldunek ez baitzuten ez telefonorik ezta autorik ere. Baina euskarak hitzik ez edukitzea familia edo berdea esateko, nola ulertzen da? Euskal Herrian euskal herri denetik zerbait izan bada, familia kontzeptua izan da, bai eta berde kolorea ere. Nola ulertzen da maileguz hartu behar izatea (edo asmatzen ibili beharra) familia eta berdea esateko hitzak? Zergatik sortu behar izan zituen Sabino Aranak sendia/senitarte eta orlegia neologismoak?
Berde kolorearen kontua beste baterako utziko dugu, horretaz luze eta ondo idatzi baitute hainbat egilek. Familia hitzari lotu natzaio oraingoan. Aranak `sendia' neologismoa sortu zuen `sein' hitzari `di' atzizkia erantsita (txarto erantsita noski, baina garaiaren akatsa zen, «euskararen zaindari» multzoari «euskaltzaindi» egotzi zitzaion moduan, eta Akademiaren izena irizpide okerraz sortu zuten orain ia ehun urte). Genioenez, haurren edo seinen multzoak osatzen duen taldeari `sendia' jarri zion Aranak, eta honela asmatu zuen familia kontzeptua esateko hitza.
Euskarak, ordea, ez du behar hitz berririk familia esateko, ideia hori `etxea' hitzak adierazten duelako. Etxekoak dira teilatupean bizi diren guztiak, odol berekoak izan ala ez izan, eta horiek guztiek osatzen dute gure `familia'. Eskela batzuetan oraindik ikus daiteke `etxekoek' sinatzen dutela zendua gogoan dutenek, nahiz eta gero eta gehiago ikusten den `zure familiak' sinadura eskeletan, modernitatearen zantzua edo.
Etxea da, beraz, familia hoberen biltzen duen euskarazko hitza. Eta kontzeptu honen sendotasuna argi ikus daiteke `etxe' hitzarekin sorturiko toponimo eta jentilizio ugarietan: Goikoetxea, Etxejauregi, Ibarretxe, Etxezuri, Etxabarri...
Zertara dator hau guztia? Egunotan ikusten ari gara zer nolako arazoak dituzten guraso langileek beren seme-alabei udako oporrak ematen dizkietenean. Ez dute norekin utzi umeak, etxeko nagusi guztiak kanpoan jarduten dutelako beharrean. Aintzineko etxe jendeztatuetan, jende gutxi bizi da gaur egun, gurasoak eta seme-alabak, edo ama eta seme-alabak, edo aita eta asteburuetako seme-alabak. Etxea ez da, dagoeneko unitate familiarraren parametroa. Etxeak pasalekua dira ia-ia, gero eta txikiagoak, gero eta bakartiagoak. Inoiz baino gehiago dira etxe unibizilagunekoak (hori esaterik baldin badago), eta arkitektuek banakako etxebizitzak eraikitzeari ekin diote, garaien pre- miei erantzuteko asmotan.
Aintzineko `etxekoak' hura, `etxekoa' bihurtzen ari da. Familiaren kontzeptua ere izugarri aldatu da azken hiru hamarkadetan. Laster arazo larriena ez da izango norekin utzi seme-alabak opor garaian. Asmatu beharko dugu nolako izena eman odol berekoak izanik elkarrekin bizi ez direnei, edo etxe berean egonik, lotura biologikorik ez dutenei, edo zeharo bakarrik daudenei... eta ondoren ikusiko dugu nola sinatu eskeletan.