Haritz Gallastegi Kazetaria
Haritzek Manexi
Euskadiko Futbol Federazioarekin kolaboratzen dut. Federazioaren eta hedabideen arteko harremana sustatzen ahalegintzen naiz. Batzuetan zuzen eta beste batzuetan oker. Manexen ustez, oker. Izan ere, joan den igandean GARAn idatzi zuen artukulu batean gogor kritikatu zuen Euskadiko Federazioak Venezuelan izan zuen jarrera. Ni ez naiz inor Federazioaren izenean jarduteko. Beraz, niri tokatzen zaizkidan kontuak argitu gura ditut: «Prentsa arduradun bat izan arren, Euskadiko Federazioak ez zuen agerraldirik egin euskal selekzioa zer den azaltzeko», irakurri nuen igandeko artikuluan. Manex, niri ez dagokit prentsa agerraldi bat erabakitzea. Eskatuz gero antolatzea da nire ardura.
Bestalde, ez dut uste hedabideetako kideok kexatzeko arrazoi handirik daukazuenik. Jokalari eta teknikarien jarrera bikainari esker, hedabideek eskatutako elkarrizketa guztiak egin ahal izan zenituzten: Venezuelako hedabideek eskatutakoak, Venezuelara joan ez ziren Euskal Herriko hedabideek eskatutakoak, baita han egon zinetenok eskatutakoak ere.
Beste hainbat eskari ere gustura bideratuko nituzke. Gustura jarriko zintudan harrematen sarri askotan ondoan izan zenituen Euskadiko Futbol Federazioko arduradunekin edo Venezuelan egon zen Jaurlaritzako ordezkariarekin. Gustura eskatuko nieke elkarrizketa zure izenean Venezuela-Euskadi partidaren telebista eskubideak zituen Go Sport enpresako ordezkariei. Gustura lagunduko zintudan ahalik eta informazio gehien eskuratzen, finean, kazetari lana egiten.