GARA > Idatzia > Musika

Euskal Herria Zuzenean, gure makrojaialdirik hurbilekoena

Aurten ere Zuberoako Idauze-Mendin izango da EHZ festibala. Jaialditzarra partaideei dagokienez, hurbilekoa eta xumea, berriz, harremanetan. Hamabigarrenez hamaika lagun hurbilduko da bertara, aurtengo erritmo karibear bero eta dantzagarrien gozatzera, Tokio Ska Paradise Orchestra, Fermin Muguruza Afro-Basque Fire Brigade edo Skatalitesekin.

Anartz BILBAO | BILBO

Iaz Yann Tiersen eta Berri Txarraken zuzenekoez gozatzeko aukera izan zuten bertara hurbildu zirenek eta aurten hogeita hiru talde entzuteko parada izanen dute asteburuan. Euskal Herrikoak eta Estatu frantziarrekoak dira guztiak, Jamaikako Skatalites eta Japoniako Tokio Ska Paradise Orchestra salbu. Alta, ohi dutenez, izango da musikaz aparte zereginik ere, tartean elkartasuna, herrien kultura edo ekologia bultzatu nahi dituen bilgunean antolatutako dantza, mintzaldi, bertsolari eta besterekin.

Bihar dantza ikuskizunak erakarriko ditu ikus-entzuleak eta musikari txanda emango dio ondoren. Eskenatoki txikian La Fin De La Société izango da agertzen lehena. 1999an sortutako Akitaniako seikoteak antzerkia dantzarako musika elektronikoarekin nahasten du. Gero, jaialdiko izar handienetarikoaren, Jamaikako The Skatalitesen txanda. Euskal Herriko oholtzetan gustura dabil ska doinuen aitzindari izandako talde zaharberritua, buruan Lloyd Knibb bateria-jotzailea eta Lester Ska Sterling saxofoi-jotzailea direla.

Erritmo beroak alde batera utzi eta abiadura hartuko du Nafarroako Lehendakaris Muertosen zuzeneko zoro eta barregarriarekin. Ondoren, Baionako Gojira laukotea. Duela hamar urte sortua, taldeak metala lantzen du eta «From Mars to Sirius» du azken lana, 2005ekoa. Haren ostean, Irungo Lisabören distortsioa dator. Javi (Amodio) taldera itzuli eta «Ezlekuak» izeneko lana argitaratu dute aurten sortu berria duten Bidehuts zigiluan eta isilune luze baten ostean badirudi indarberriturik itzuli direla oholtzetara, ematen ari diren kontzertu kopuru andana ikusita.

La Phaze drum'n'bass eta jungle hirukoteak saltoka jarriko du agertoki nagusia, «Fin de Cycle» lan berriarekin eta ondoren John Lord Fonda disko-jartzaileak esango dio agur gauari.

Larunbat koloreanitza

Musikari dagokionez, larunbata dugu ezbairik gabe egunik osatuena. Bazkalostea Gozategik eta Karidadeko Bentak girotuko dute, triki eta folk doinu dantzagarriekin eta ondoren Familha Artús gaskoiari emango diote txanda. Autoekoiztutako «Òrb» da boskotearen lan esperimental berria. Jarraian, oholtza nagusian, Zarauzko Anestesiaren trash eztanda bortitza izango da. «Terapia» aukeztuko du eta gero La Rue Des Pavots, EHZ lehiaketako irabazleari, txanda emango dio. Iluntzean, Fermin Muguruza Afro-Basque Fire Brigade talde euskal-karibearra. Ez da makala Muguruzak osatu duen banda, «Euskal Herria Jamaika Clash» zein bere betiko kantuak reggae moldean emateko. Jaialdiko gailurretako bat izango da ziurrenera, zelaia saltoka jarriko du. Hego eta Erdialdeko Amerikan jo eta su aritu da eta Idauze-Mendin jo ostean Ondarroan, Eibarren eta Galdakaon ere izango da uztailaren hasieran. Hilabetea Japoniako Fuji Rock jaialdi ospetsuan amaituko du.

Larunbat gaueko bigarren atalari Frantziako I Love Ufo hirukote indartsuak ekingo dio. Ingalaterran plazaratu dute "Wish" lan berria eta Zuberoara joan aurretik Bilboko jaialditzarrean aurkeztuko dute gaur bertan. Gero, Les Ogres De Barback dibertigarriak joko du, fanfarre txiki baten gisakoak. 1994an sortua, «Du Simple Au Neant» du hamargarren lana.

Eszenatoki txikian Iparraldeko Willis Drumond laukoteak jarraituko du jaia, «Anthology» lan berriarekin eta gauaren beroan Zarauzko Delorean dantza talde arrakastatsua. «Into the Plateau» lan txundigarria plazaratu eta zuzeneko kementsuan aurkeztu ostean, lan berriaren prestakuntzan buru-belarri dabil Bartzelonaratutako talde gipuzkoarra. Larunbatean ere disko jartzaile batek itxiko du gaua; Moulek, hain zuzen.

Igandea epeltzeko, bost talde baino ez, denak arras interesgarriak. Hasteko, bazkalostean, Biloko Kepa Junkera trikitilari ospetsua, «Hiri» lanarekin. Ondoren, Zebda taldeko abeslari izandako Mouss & Hakim anaiak, talde berriarekin. Jatorriz magrebekoak dira eta «Mouss et Hakim ou le Contraire» da haien estraineko lana.

Uribe Kostako All Jazz Era boskote interesgarria 2001ean sortu zen Gorlizen eta funk doinu beroak jorratzen jarraitzeko, taldea metalez ugaritzeko prest dago. Ondoren, Tokio Ska Paradise Orchestra uniformatu ikusgarria. «Wild Peace» da argitaratu berri daukaten diskoa eta datorren ostegunean, gaur zortzi, Bilboko Kafe Antzokian joko dute, «Bilbo Roots» jaialdiaren hirugarren edizioan (asteazkenean Israel Vibration mitikoak joko du jaialdi horretan). EHZ jaialdiari Ekintza taldeak emango dio bukaera.

Egitarau potoloena zuzeneko musikak osatzen duen arren, musikaz gain, herri animazioa ere izango da hiru egunetan, Zuberoako dantzak, Okzitaniako Brancaleon edo Kataluniako Blocquilomborekin. Euskal Herriko Xibaren finala ere han jokatuko da, bertsolariak izango dira eta Milaka Bilakako kamioia ere bertaratuko da.

KULTUR ANIZTASUNA

Euskal kultura eta herrien arteko elkartasuna bultzatu nahian, Nafarroa Behereko Arrosan sortu zen duela hamabi urte jaialdia, azken bi urteetan Zuberoako Idauze-Mendin egin den festa erraldoia.

TALDE ANDANA

Hogeita hiru taldek joko dute asteburuan, jaialdiko hiru egunetan. Tokio Ska Paradise Orchestra eta The Skatalites taldeak salbu, Estatu frantziarrekoak eta Euskal Herrikoak dira guztiak.

LEHIAKETA

Talde gazteen lehiaketa antolatu du aurten jaialdiak. Lau egunetan eta hainbat oholtzatan final laurdenak jokatu zituzten hamabi taldek eta Okzitaniako La Rue Des Pavots atera ziren garaile.

 
Elkartasuna garatzea helburu

Bilbao Live erraldoiak puntako izarrekin puztu eta nazioarteko oihartzuna lortu duen honetan, Gasteizko Azkena Rock jaialdiak egonkortu eta bere tokia egin duen bitartean, Zuberoan hamabigarrenez dute ospatzen gure herriko musika jaialdi handietan eskarmentudunena eta ameslariena denak.

Euskal kultura -bereziki musika- bultzatzeko eta sustatzeko asmoz 1992an sortua, hamabi urte daramatza Euskal Herria Zuzenean elkarteak jaialdia antolatzen, 1996an festibala Nafarroa Behereko Arrosa herrian sortu zutenetik. Gerora Zuberoara aldatu zuen. Helburuei dagokienez, elkartasuna eta laguntasuna aurkitu nahi ditu jaialdiak, herrien eta kulturen arteko kultura eta harremanak bultzatuz eta partaidetza xaxatzen duen kalitatezko egitarau oso bat, edonor asetzeko modukoa, barnealdean, Zuberoan, prezio onean emanez. Hartara, musikaz gain -bi eskenatokitan eta txandaka-, izango da dantza, mintzaldi edo bertsolariez gozatzeko betarik ere.

Egitarau osatu horretaz 20.000 lagunek goza dezan, Pirinioetako alde bietako 800 bat laguntzaile aritu dira jo eta su lanean, eta aurten berrikuntza legez plastiko gogorreko edalontzi berrerabilgarriak jarriko dituzte estreinakoz. Bitxikeria gisa, esan aurten elkarteak antolakuntza taldea goitik behera aldatu duela. Hala, 30 urtetik gorako bakarra gelditzen da eta elkarteko zuzendari berriak, Patxi Thicoïpek, hogeita lau urte baino ez ditu.

Hitzordua Idauze-Mendin dugu, bihar arratseko 18:00etan hasi eta igande gauean bukatu arte. Horrela, The Skatalites edota Lisabö izango dira bihar, Fermin Muguruza & Afro-Basque Fire Brigade egitasmo berria edota Les Ogres de Barback larunbatean eta Kepa Junkera edota Tokio Ska Paradise Orchestra igandean.

Gainera, EHZ lehiaketaren irabazleek ere izango dute jaialdian parte hartzeko aukera, sari legez. Urtean zehar egin zen txapelketan hamabi talde sailkatu ziren hirunaka egin zen final laurdenetarako eta Biarritzeko Atabal aretoan egindako finalean Okzitaniako Tolosako La Rue Des Pavots izan zen garaile.

Okzitaniako seikote grinatsuak ska, reggae eta rock doinuak nahasten ditu eta txapeldun legez ekainaren 30ean zortziak laurden gutxiagoan jotzeko aukera lortu du. Toon abeslariak, Yosh baxu-jotzaileak, Oré eta Olivier gitarra-jotzaileek, Gew bateria-jotzaileak eta Céline tronboi-jotzaileak osatzen dute taldea. Lehen lana aurkeztuko dute, «Tawangué» izenekoa.

A. BILBAO

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo