Udal kudeaketa gardenaren aldeko konpromisoa
Udal eta foru hauteskundeen ostean udal gehienak osatuta, alderdi politiko gehienen lehentasuna eserlekuak izanda, EAE-ANVk, hauteskunde horietako irregulartasun demokratikoen ondorioz botoen araberako kargu guztiak bete ezin izan dituen alderdiak, kudeaketa eredua aurkeztu zuen atzo Bergaran. Herria Udalera eta Udala herriaren zerbitzura jarri nahi omen dute alderdi abertzale horretako alkateek. Beren konpromisoen artean, lehenbailehen udaletan auditoria independente bat egiteko asmoa agertu zuten, udal horien egoera errealaren berri jakiteko eta datuok herritarrei jakinarazteko. Beste konpromiso bat liberatutako kargu publikoen soldatak jaistea da. Azken lau urteotan kargu publikoen soldata igoera nabaritu da udal askotan, ezker abertzalea udal karguetatik kanpo egon denean, hain zuzen. Zerbitzu publikoak ez du negozioa izan behar, eta garrantzitsua da herritarrek hala ikustea. Eta azkenaldi honetan azpiegitura erraldoien proiektuak ugaritu direla-eta, indarra hartu duen aldarrikapena praktikara eramateko konpromisoa ere agertu zuen EAE-ANVk: herritarrei eragiten dieten egituren gaineko informazioa eman, haien iritzia entzun eta erabakiak hartzeko ahalmena emateko konpromisoa. Eredu demokratikoa, parte-hartzean oinarrituta eta gardena, abian jarriz gero, zalantzarik gabe, herritarrek eskertuko dutena.