Konpromisoak eta oinarri sendoak eskatu ditu LABek
Gatazka gainditzeko prozesua «berreraiki» behar dela defendatu zuen atzo LABek, baina horretarako, ezinbestean, konpromiso sendoak eta oinarri irmoak behar direla nabarmendu zuen.
«Gizartea ezin da konfrontazio egoera batera kondenatu beste agertoki baten aukera hor daukagunean», azaldu zuen atzo LAB sindikatuko idazkari nagusi Rafa Diezek egungo egoera politikoa hizpide harturik. Prozesu politikoan gertatu denaren gainean «hausnarketa» egitea ezinbesteko baldintza dela defendatu bazuen ere, oraindik orain, gatazka gainditzeko «aukera historikoa» bere horretan dagoela gaineratu zuen, baina konpromisoetan eta bestelako zutoin sendoetan oinarrituta egon behar duela defendatu zuen. Hala ere, prozesua «berreraikitzeko» deia egin zuen Diezek.
Komunikabideekin Donostian egindako laneko gosarian egin zituen adierazpenok LABeko idazkari nagusiak, eta joan den maiatzaren 31n sindikatuko Nazio Biltzarrak adosturiko ponentziaz ere luze aritu zen: hain zuzen ere, LABen eta ELAren arteko batasun sindikala berreskuratzeko nahia defendatzen du ponentziak, baina «soslai estrategikoa» duena eta ez aurretiaz izandakoa bezala, egoeraren araberako ikuspegi batekoa.
Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoa gainditzeari dagokionez, sindikatu abertzaleko idazkari nagusiak egungoa «egoera zaila» dela aitortu zuen, baina oraindik gatazka gainditzeko «aukera historikoa» bere horretan jarraitzen duela defendatu zuen. Beraz, prozesua «berreraikitzeko» deia egin zuen Diezek, eta alderdiei ere ondokoa esan zien: prozesua berreraikitzeko borondatea izanez gero, «guztiak horretara lanean egotea eta ez gertaera txarrak itxaroten. Zergatik itxaron? Eta zergatik ez bakoitzak berea aportatu?».
Alternatiba bakarra
«Elkarrizketa eta konpromiso serioak» jo zituen beharrezkotzat beste esparru demokratiko bat eraikitzeko orduan.
Rafa Diezen aburuz, «Gobernu espainola espekulatzen aritu da aukera historiko honekin», bai ezker abertzalea kosta ala kosta ahultzeko bideratu dituen erasoekin bai eta «gizartea anestesiatzeko» erabili dituen bitartekoekin, «ezinbestean» jorratu behar diren bi elementuak ukitu gabe: Euskal Herriaren aitortza eta euskal herritarrek beren etorkizunaz erabakitzen dutena errespetatzea.
Azken hilabeteotako esperientzia «prozesu ezarena» izan dela adierazi arren, ondokoa nahitaezko baieztapena dela nabarmendu zuen: «Zapaterok dioen bezala bake agertoki baterantz ibili nahi badugu, oso garbi eduki behar da elkarrizketak eta negoziaketak ez duela alternatibarik».
Batasun sindikal estrategikoa
Behin eta berriz errepikatu zuen oraindik aukerak hor jarraitzen duela, baina konpromisoak eta oinarri sendoak nahitaezkoak galdegin zituen.
Alde horretatik, gatazka gainditzeko dagoen aukeraren aurrean «orria pasa» nahi duten alderdiei ere kritika egin zien LABeko idazkari nagusiak, bere esanetan, hala, «gizartearen esperantzak hil nahi dituztela baitirudi».
Gainera, aldaketa politikoaren baitan sindikalgintzak aldaketa soziala bideratzeko ardura defendatu zuen LABek, eta alde horretatik ELArekin batasun sindikalean aritzea babestu zuen. Baina aurretiaz izandako esperientziak agortutzat jo zituen eta aurrera begira «soslai estrategikoa» oinarri izango duen ekintza batasuna defendatu zuen.
Egun, Jose Elorrieta idazkari nagusi duen sindikatuarekin harremanak «txarrak» direla aitortu zuen, baina nahiz eta «zauriak» hor jarraitzen dutela esan, ziklo politiko berri bateranzko bidean batasun sindikalaren balioa defendatu zuen; are gehiago, autodeterminazioaren aldeko blokea osatzea defendatu zuen.
ELAren eta LABen arteko batasunak zenbait garai igaro dituela adierazi zuen, baina perspektiba motzekoa eta egoeraren araberakoa izan dela gaineratu zuen. Hala, hemendik aurrera batasun sindikala berreraikitzeko nahia azaldu, eta berau izaera estrategikoduna beharko duela izan nabarmendu zuen. «Une honetan enpresetan dagoen egoerarekin sinesten» dutela adierazi zuen Diezek, bertan abertzaletasunaren indarra agerikoa delakoan, eta sindikatuon arteko banaketa Euskal Herriarentzat eta langileentzat txarra dela esan zuen.
Sindikatuek aldaketa politikoekin batera eraldaketa sozialerako duten gaitasuna aldarrikatu zuen Rafa Diezek eta, hala, ELA sindikatuarekin batasun sindikal estrategikoa osatzea ere defendatu zuen.