Bai Euskarari ziurtagiria ekimenaren bost urteak ospatuko dituzte Saran
Sara izan zen duela bost urte Bai Euskarari ziurtagiriaren bidez, euskararen erabilera normaltzeko konpromisoa hartu zuen lehenetako herria. Gaur arratsean Lapurdiko herria izango da ekimenaren ibilbidea gogoratu eta berrindartzeko ekitaldiaren lekuko.
GARA
Bost urte bete dira Ipar Euskal Herrian Bai Euskarari ziurtagiriaren ekimena abiatu zenetik. Geroztik, 231 elkartek, saltegik, enpresak edota langile autonomok bat egin dute beren eguneroko jardunean euskararen presentzia bermatzeko konpromisoarekin.Euskal Herri osoko partaideak Donostian biltzen dituen urteroko ekitaldia berrikitan egin bada ere, bost urte horien ibilbidea nabarmentzeko, halako balantze-ospatze ekitaldia antolatu dute gaurko Saran, 19.30etatik goiti, Lur Berri aretoan.
Hala, proiektuan engaiatutako hainbat eragileren lekukotasunak ezagutzeko parada izango da, antolatzaileek esan dutenez, «urte hauetan izan diren aurrerapausoak ikusteko». Ekitaldian, gainera, ziurtagiriaren irudi berritua eta beste berrikuntzak aurkeztuko dituzte.
Partarrieuren oroigarria
`Bai Euskarari' ekimeneko partaideek, Mattin Partarrieu margolariak eskaini duen marrazkia jasoko dute oroigarri moduan. Beste sari batzuk ere banatuko dituzte bertan.
Euskal Konfederazioak Euskararen Kontseiluarekin elkarlanean, 2000. urteko urrian hasi zen engaiamendu prozesua herritaratzen. Bi urratsetan garatu zen prozesua. Lehenik esperientzia piloto batzuk egin zituzten eta, hain zuzen ere, Sara izan zen abian jarri zen lehenetako herria. Hainbat eragile eta Herriko Etxea bera buru-belarri murgildu ziren euskararen erabilera sustatzeko proiektuan.
Lehen 47 ziurtagiriak 2002ko abenduan banatu zituzten. Gaur egun, 230 dira, horietatik 44 Azkainen, 30 Ezpeletan, 25 Saran, 71 Senperen, 26 Ziburun eta beste 34 Lapurdiko eta Nafarroa Behereko hainbat herritan. Horietaz gain, Aisialdiko elkarteak eta osasunarekin loturikoak ia 30na eskuratu dituzte.
Ostalaritzan banatu dituzte ziurtagiri gehienak (39). Saltegiak, kulturako eta aisialdiko elkarteak eta osasunarekin loturikoak ia 30na eskuratu dituzte.