JAIETAN
Bestak gaur hasi arren, ekain osoan izan da giroa Pasai San Pedron
Aurreko urteetan ez bezala, ekain osoan izan da herri giroa aurten Pasai San Pedron. Izan ere, adin guztietako lagunak bildu dira pilotalekuan txapelketak ikusteko eta kirolariak animatzeko: neskak frontenisean aritu dira; mutilak, pilotan, eta besta ederra eta berezia sortu dute elkarrekin. Astarloza taldeak prestatutako triatloia, ikasleen «Asteartero» antzezlana eta hamaika gozagarri gehiago izan dute bizilagunek hilabete honetan, baina jaiak gaur abiatuko dituzte.
Maider IANTZI
Herri guztietan daude urteak joan urteak etorri beti egiten diren ekitaldiak, ohitura bihurtu direnak. Horren adibide dira Pasai San Pedroko besten lehen egunean izaten diren haurren jolasak, merienda, erraldoiak eta buruhandiak. Horien ondotik igoko da zerura suziria, gaur arratsaldeko zortzietan, Sanpedrotarra Arraun Elkarteko gazteen eskutik. Gauerako, helduen danborrada eta La lengua del diablo eta Txorlitoshead taldeen kontzertuak daude iragarrita. Musika emanaldi horiek portuko hiru txosnetan eginen dituzte, Arraunlari kalean. Hain zuzen ere, herritarrentzat hori izaten da jaien ezaugarri politenetakoa, parrandazale guztiak portuan biltzea.
Bihar, San Pedro eguna izaki, luze-luzea izanen da ekitaldien zerrenda: diana txistulariekin, meza, erretiratuen bazkaria, erraldoi eta buruhandiak, batukada, kantu afaria, Fairlight Proyect taldearen kontzertua, DJak... Eguerdian, haurrak inude eta artzainen paperean sartu eta dantza eginen dute, eta arratsaldean, nesken frontenis txapelketaren eta mutilen eskuz binakako lehiaketaren finalak izanen dira ikusgai. Ondoren, gazte mailako partidak daude iragarrita: Goizuetako Apezetxea eta Azpeitiko Zendoia arituko dira Irungo Lujanbioren eta Goizuetako Zabaletaren aurka. Irazusta eta Telletxea pilotariak ere lehiatuko dira bihar, Narbarte eta Galarraga bikotearen kontra, eta Joseba Ostolaza harri-jasotzaileak bere dohainak erakutsiko ditu.
Bada une bat Pasai San Pedroko haurrek irrikaz itxaroten dutena, barrakak irekitzeko eta erraldoiak lozorrotik esnatzeko mementoez gain. «Txaranga porrusalda» noiz aterako egoten dira, kaleak burruntzali eta lapiko soinuz aztoratzeko. Orain dela urte dezente hasi ziren herritarrak musika talde berezia osatu eta gaupasan zebiltzanak esnarazten. Larunbat goizeko hamarretan aterako dira, ohi bezala, kolore zuri-gorriz jantzita.
Salvio Vs. Dorrea
Ekainaren 30ean izanen den beste ekitaldi berezi bat elizaren alde batekoen eta bestekoen arteko desafioa da. Salvio eta Dorrea deitzen diete bi talde horiei, edo Buztina eta Ezkatak bestela. Futbol partida jokatuko dute eguerdian, eta arratsaldeko seietan ere desafioka ariko dira pilotalekuan eta dorrean. Adin guztietako lagunak aritzen dira lehian, eta giro polita sortzen dute. Iaz, globo txapelketa egin zuten eta kontent ibili ziren. «Ekitaldi hauetan urtean zehar elkartzen ez garen jendearekin egoten gara, eta hori ederra da», azaldu digute bizilagunek.
Larunbata txekor usainekoa izanen da Gipuzkoako kostaldeko herri horretan, egunean zehar animalia hori erreko baitute gauean afari goxoa prestatzeko. Bederatzietan izanen da txekor jatea pilotalekuan, eta geroago, gorputza mugitzeko kontzertuak emanen dituzte Nuevo Catecismo Catolico, Gose, Xikinkei eta Harrika taldeek.
Igandean erranen diete bestei «hurren arte».
Jaietako azken eguna izanagatik, igandeko egitaraua ez da batere kaskarra izanen. Musikaz eta jolasez blai egonen da goiza, txistularien diana, puzgarriak eta helduen inude eta artzainak izanen direlako.
Pasai San Pedroko jaien hondarra ere ez da makala izanen. Arratsalderako, ginkana eta danborrada antolatu dituzte; gauerako, berriz, afari merienda, tortilla txapelketa, zezen suzkoa eta Imanol Carballoren kantaldia.