JAIETAN
Lasartearrek Sorgin Jaien aldeko manifestazioa eginen dute larunbatean
GARA
Lasarteko gazteen bestak klandestinoak izan ziren bost urtez, baina txosnak debekatu zituztenean bizilagunek prozesua abiatu zuten herri jaiak antolatzeko. Iazko urtea garrantzitsua izan zen Sorgin Jaien Batzordearentzat: udalarekin harremanak izaten hasi ziren, gune bat adostu zuten, bertan txosna bat sortu zuten, akordioak lortu zituzten, bilerak egin... «Herritarrek Sorgin Jaiei egin zieten harrera baikorrak prozesuaren zuzentasunaz ohartarazi gintuen», adierazi dute gazteek.
Aurten, bide horri segida emateko bilerak egin dituzte udalak eta Sorgin Jaien Batzordeak, eta planteamendu berri batzuk adostu dituzte. Baina, batzordeak salatu duenez, bestak hasteko egun gutxi falta direnean udalak guztiz aldatu du bere jarrera.
Udaleko zinegotziek bilerara deitu dituzte gunean eraikitzen ari diren barraren harira. «Bilerak ez du aurrekoen antzik izan, bakarrizketa soila izan da. Elkarrekin adostutako bide bat bazen, hori erabat ukatu dute, beren nahia inposatuta eta inolako argudio sendorik gabe, eta Sorgin Jaiak geraraziko dituztela etengabe errepikatu dute», azaldu dute gazteek.
«Neurriak ez du axola»
Udalaren jarrera aldaketaren arrazoia txosnaren neurria ote den galdetzen diote herritarrek beren buruari: «Neurria murrizteko agindu ziguten, gure argudioak kontuan hartu gabe, segurtasunari, erosotasunari, erakargarritasunari eta aniztasunari buruzkoak. Zerk ematen die min?». Aldaketa «deitoragarri» hori salatzeko, manifestazioa eginen dute larunbat arratsaldeko zortzietan.