GARA > Idatzia > Ekonomia

Azertia enpresari zigorra, batzordeko presidenteari laneko jazarpena egiteagatik

GARA

UGT-Euskadik Azertia SA Bilboko enpresa mobbing edo laneko jazarpena egiteagatik zigortu dutela jakinarazi zuen atzo, enpresa batzordeko presidenteari lanik ematen ez ziolako, «nahita eta jarraian», «lan mailegu» kasu bat salatzearen ondorioz, urtetan BBVArako lan egin zuelako.

Indra taldeko Azertia SA enpresa zigortu dute, langile baten kontra egindako mobbbing kasu bategatik, atzo UGT-Euskadik jakinarazitakoaren arabera. Kaltetua, gainera, enpresa batzordeko presidentea zen, nabarmendu zutenez.

Auziaren inguruan epai bi daude, Bilboko Gizarte Arloko 1 zenbakiko Epaitegiarena, eta EAEko Auzitegi Nagusiak ezarritakoa. Horretaz gain, Lan Ikuskaritzak zabaldutako prozedura. Alde batetik, langilea xaxatu zutela egiaztatu dute epaileek «nahita eta jarraian urte eta erdian, bere prestakuntza, eta lan eta pertsona duintasunak kaltetzeko helburuarekin», eta 25.000 euroko zigorra jarri diote enpresari.

Aholkularitza juridikoak azaldu zuenez, Azertiak 2000. urtean kontratatu zuen M.A.F.F., baina BBVArako egin zuen beti lan Sarrikoko bulegoetan. Abokatuek nabarmendu zutenez, laneko jazarpena kasuaz gain, «langileen mailegu» kasu argia ere egon da, BBVAko egituran integratuta zegoela demostratu delako, bankuko arduradunen agindupean eta bankuak ezarritako lanaldiekin, ordutegiekin eta oporrekin, baina bestelako lan baldintzekin.

Izan ere, BBVAko bere burua langile gisa onartzeko egin zuen eskaeraren ondorioz, zigor modura lanik ukatu ziotela azaldu du aipatu sindikatuak.

Lan Ikuskaritzak berak Azertia enpresak izandako jokaera «langilearen duintasunaren kontrako atentatua» dela dio, eta «oso hauste larria» dela gaineratu du.

Bazterketa

Bilboko Sozial Arloko 1 zenbakiko Epaitegiak «laneko jazarpen» kasu argi bat ikusten du, langilearen «bazterketa» bilatzeko, eta lana uztea bilatzen zuena, inolako diru laguntzarik eman gabe.

Kaltetutako langilea prest azaldu da langileen «legez kanpo uztea» demostratu eta ardurak argitzeko.

Aipatu sindikatuak adierazi duenez, «jazarpen argia da» eta jokaera horren bitartez, zereginik gabe utziz, langileak «bere lankideen aurrean ospea gal dezala lortu nahi dute» eta lanpostua utz dezala bultza egin nahi dute. Aipatutako iturriek esan dutenaren arabera, horrela enpresak kalte-ordaina ere aurreztu nahi du.

Langileen eskubideen kontrako delitua den ala ez argitzeko, Indra taldeko enpresa honetan langileari jazotakoa Fiskaltzara eramateko asmoa duela iragarri du UGT sindikatuak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo