EUSKAL SELEKZIOA | Ofizialtasunaren alde urratsak egiteko lan batzorde baten beharra ere aldarrikatu dute
Zapore gazi-gozoarekin itzuli da ESAIT Venezuelatik
Jokalarien jarrera eta plataformak helburuak bete zituela goraipatu arren, EAEko Futbol Federazioak ez zituela aukerak ondo baliatu ere kritikatu dute
Manex ALTUNA | BILBO
Endika Guarrotxena, Egoitz Askasibar eta Martxel Toledok osatutako ESAITen ordezkaritza Venezuelan izan zen joan den astean euskal selekzioak jokatu zuen partidaren ondorioz eta atzo ezagutarazi zuten haien balorazio orokorra.
Plataformari zapore gazi-gozoa utzi dio Venezuelan ikusitakoak aurretik pentsatuta zutena egin ahal izan zuten arren -agerraldia hasi aurretik bi minututako bideo batean ikusi ahal izan zen bertan egindako lana-, Euskal Autonomia Erkidegoko Futbol Federazioak izandako jarrerak ez baitu ahalbidetu haien ustez zeuden aukera guztiak.
«Gure helburua Venezuelan ofizialtasunaren aldarrikapena zabaltzea zen eta lortu dugula uste dugu», azaldu zuen Martxel Toledok. ESAITen bozeramaileak gogoratu zuen bezala, Venezuelako gobernuko Kirol zuzendari Jose Alejandro Eskalona eta Pilota Federazioko lehendakari Joseba Barredarekin batzartu ziren eta San Cristobalgo Pueblo Nuevo estadio berrituko prentsa aretoan agerraldia burutu zuten.
Prentsaurreko horren bidez eta partida egunean egindako elkarrizketen bitartez «Euskal Herria eta ofizialtasunaren inguruko arazoaren berri izateko aukera izan zuten milioika venezuelarrek eta lan horrek, jokalariek ateratako pankartak ulergarriagoak egin zituen».
Jokalarien jarrera ere goraipatu nahi izan zuen ESAITek, beste behin ere «Katalunian hasitako ibilbideari jarraipena eman baitzioten ofizialtasuna aldarrikatuz. Guztiz jarrera txalogarria eta txapela kentzekoa izan zen eta eragingarria zelaian zeuden 38.000 zaleetatik aparte, telebistan zuzenean ofizialtasunaren aldarrikapena Amerika osora zabaldu zuelako. Ausardia erakutsi dute eta urratsak egiteko prest daudela».
Partida jokatzera bakarrik
Euskal jokalariek egindako aldarrikapenak hautsak harrotu ditu Estatu espainioleko hainbat komunikabidetan eta sekulako ohiartzuna izan du ofizialtasunaren eskakizunak, baina EAEko Futbol Federazioak «aukera guztiak izan arren», ez duela aldarrikapen hori plazaratu nahi izan salatu zuten.
«Horren adibide da ez dutela prentsaurreko ireki bat ere ez eskaini eta Hego Ameriketako hainbat futbol delegazio eskura izan baditu ere, ez dira saiatu babesa lortzen. Zelaiko partida soilik jokatzera joan dira. Aspalditik ofizialtasunaren ardura politikarien esku utzi nahian dabiltzalako. Gure ustetan ez da zuzena. Federazioari ofizialtasunaren bidea jorratzea dagokio eta politikariei babesa ematea. Aukera paregabea galdu dute nazioartean ofizialtasuna lau haizeetara aldarrikatzeko», azaldu zuen Toledok.
Federazioko lehendakari Iñaki Dobaranek jokalariak Estatu espainoleko komunikabideen aurrean defendatu ez izatea ere salatu zuten eta jokalariei babes osoa eskaini zion ESAITEk. Alde horretatik, Euskal Herriko politikarien «utzikeria» ere kritikatu zuten jokalariek jasotako presio mediatikoaren aurrean babestu beharrean isildu egin baitira.
Eusko Jaurlaritzarentzat ere hitz gogorrak izan zituzten. Gurutz Larrañaga Kulturako sailburuordea Venezuelan egon zen, baina partida ikustera mugatu zela adierazi zuten. Baina are larriagoa izan da, plataformaren iritziz, partida telebistatik zuzenean ez ematea eta euskal selekzioaren promozio falta. «Ikuspegi nazional batetik begiratuta gertatutakoa lotsagarritzat jotzen dugu, zeinen errua izan den aztertzera sartu gabe», esan zuen Toledok.
Hala eta guztiz ere, ESAITek ofizialtasunari begira plan estrategiko baten beharra aldarrikatu zuen «urratsak egiteko borondatea badagoen» eta hainbat eragileren artean ere ¯Futbol federazioa, Euskal Kirol Federazioen Batasuna, ESAIT, jokalariak, zaleak¯ lan batzordea osatzea. «Gure eskuek zabalik jarraitzen dute ofizialtasunaren bidean lan egiteko jarraitzeko», esaten bukatu zuen Toledok agerraldia.
Selekzioarekin batera Kulturako sailburuordeak bidaiatu zuen eta Federazioaren egonaldiarekin gertatu zen bezala, partida ikustera mugatu zela salatu zuten.
Ikuspegi nazional batetik begiratuta eta errua norena den alde batera utzita, EITBk partida zuzenean ez eskaintzea «lotsagarria» dela esan zuten.