GARA > Idatzia > Musika

Karrerak eta irteerak? Kaka esplikatzen

Artista bere munduan bizi da eta mundua egiten du bere munduaz, baina diskoetxeentzat mundu hori gauza partikularra baino ez da. Nahiz eta globalki pentsatu, partikularki ekin behar dio diskoetxeak. Diskoak eginda bakarrik, diskoetxeek ezin dute euren geroa bermatu. Baina musika egitea nahitaezkoa da

Musika salmentaren % 10 on line egiten da eta beste % 90 euskarri fisikoan. Saltzen den cd fisiko bakoitzeko, gutxienez, 40 cd kopiatzen dira. Estatu espainolean, 2006an, 750 miloi abesti jaitsi ziren baimenik gabe Internetetik. Saltzen diren cd fisikoen kopurua gero eta txikiagoa izango da eta, urte batzuetan, biniloaren egungo fakturaziora jaitsiko da. Horrek ez du esan nahi musikarik egongo ez denik, baizik eta musikari beste diru-iturri batzuk bilatu behar zaizkiola. Nola uler daiteke diskoak ez direla salduko esatea eta musika bai?

Orain artean, diskoetxeetako aktiboaren ehuneko nagusia kantua izan da; hau da, musika, baina betiere euskarri fisikoari lotuta. Iraganean, diskoetxeen aktiboak oso ongi kudeatuta zeuden. Izugarrizko funtsa dute, eta ez kantuen katalogoa soilik. Funtsa zera da: grabazio estudioa izatea, kantuak kudeatzeko editoriala izatea, diskoen eta liburuen banatzaileak izatea, disko eta liburu dendak edukitzea...

Baina artistari globalki erantzun behar zaio, besterenezina den gauza bat duelako: kontzertuak, zuzenekoak. Artista bere munduan bizi da eta mundua egiten du bere munduaz, baina diskoetxeentzat mundu hori gauza partikularra baino ez da. Nahiz eta globalki pentsatu, partikularki ekin behar dio diskoetxeak. Diskoak eginda bakarrik, diskoetxeek ezin dute euren geroa bermatu.

Baina musika egitea nahitaezkoa da. Musika egiteko artista eduki behar da eta, artistaren ordezkaria managerra bada, diskoetxeek artisten bitartekari izan behar dute zuzeneko produkzioekin. Artistak, orain arte, diskoak egiteko diskoetxearengan konfiantza izan badu, zergatik ez du izango diskoetxea bere manager bihurtzeko? Lan horretan berriak direlako? Diskoetxe profesionalek erantzun globala emateko gai izan behar dute. Artistak kantu berriak egiten ditu, eta diskoetxeen geroa artistak edukitzean datza. Egungo diskoetxeek, iraun nahi badute, artistaren produkzio-etxe global bilakatu baino ez dute egin behar. Gero eta diskoetxe gutxiago dagoen honetan, gero eta zuzeneko produkzio-bulego eta manager gehiago daude.

Artistaren bitartekari izatea errentagarria bada, diskoetxeek management bulego sendoak eraiki beharko dituzte, eta izan badituzte horretarako bitartekoak. Azpiegitura eta inbertsio minimoekin etekin globala ateratzeko bidean egongo dira diskoetxeak.

Ritxi AIZPURU | Musika argitaratzailea

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo