Abesbatzak eta Harizti dantza taldeak abiatu dituzte Barañaingo bestak
Barañainen jaiak abiatu dira. Atzo arratsaldeko zazpietan, txupinazoak aginduta, festari heldu zioten herritarrek, eta ez dute berehalakoan askatuko hurrengo egunetan. Horretarako modua, behintzat, izango dute. Alkateak azaldu zuenez, abiapuntuaren ardura jaien alde urtetan lan egin duten horiei eskaini nahi izan die Udalak.
Jasone MITXELTORENA
Atzo arratsaldean hasi ziren Barañaingo bestak: 19.00etako txupinazoak abiarazi zituen. Barañaingo Abesbatzako zuzendaria den Pello Ruiz eta Harizti Dantza Taldeko Naiara Paredes izan ziren suziriak jaurtitzeko arduradunak. Bi talde horiek 25. urteurrena betetzen dute aurten, eta Floren Lukin Barañaingo alkate berriak adierazi zuenez, «bidezkoagoa iruditu zaigu herriko jaien alde hainbeste urte lanean daramatzaten talde horiek izatea txupinazo jaurtitzeko arduradunak».
Lehenengo suziriekin batera, musikaz eta kolorez ere bete zen Barañaingo Udaletxe Plaza. Zuri-gorriz jantzitako bizilagunak eta airean zabaldu ziren kolore bereko paperez gain, herriko gazteek plazaratu zituzten ikurrinek eman zioten kolorea bestari. Plazan gaztetxoak elkar zikintzen aritu ziren irina bezalako gaiekin, baina Udaletxeko balkoian geratu zirenak ere ez ziren libratu: batek baino gehiagok arraultzakada bat edo bertze eraman zuen. Segidan txarangak, gaitariek eta trikitilariek plaza handiko hainbat txoko animatzen hasi ziren, eta txistulariak atera zirenean, Erraldoi eta Kilikiei egin zieten harrera. Konpartsa eta musikariak hiriko kaleetan zehar barreiatu zuten besta.
Txupinazoaren aintzinetik ere izan ziren ekitaldiak. Izan ere, goizean zein arratsaldean haurrentzako trena martxan ibili zen eta, 18.00etan, sari banaketa egin zen: alde batetik, jaietako kartel lehiaketaren irabazleak saritu zituzten eta, bestetik, omenaldia egin zitzaion herritar estimatuenari. Lagunak futbol taldeko neskak ere saritu zituzten. «Barañain harrotasunez bete dute eta momentu latzak pasatzen ari diren honetan beraiekin segitzen dugula adierazi nahi diegu», esan zuten.
Txosnetako egitaraua
Txosnak atzo 18.00etan ireki zituzten eta gauean herriko musika taldeen kontzertuak izan ziren. Gaur 18.00etan antzerkia eta batukada izanen dira, eta ondoren kalejira trikiti, txistu eta abestiekin. Gauean emakume-afaria eta kontzertuak eginen dira Airam, Afu, Hesian eta Habeas Corpus taldeekin.