GARA > Idatzia > Arrauna

ARRAUNA San Miguel Liga (TKE)

Aurkezpen bikaina goi mailako lehiaketari ekiteko

Traineru Kluben Elkarteak zortzi sari banatu zituen iazko denboraldian egindako lana saritzeko

Asier AIESTARAN | BILBO

Dena prest dago datorren uztailaren 7an Boiroko uretan San Miguel Ligari hasiera emateko. Euskalduna Jauregian egindako aurkezpen ekitaldi ikusgarriak iazko kirolari zein elkarte onenen lana saritu eta hastear dagoen denboraldiaren nondik norakoak azaltzeko balio izan zuen. Aurtengoa izango da Traineru Kluben Elkarteak (TKE) antolatzen duen lehiaketaren bosgarren ekitaldia.

Ligan lehiatuko diren hamabi traineruak Hondarribia, Orio, Zarautz, Zumaia, San Pedro, Urdaibai, Arkote (Euskal Herria), Castro, Pedreña, Laredo (Kantabria), Cabo da Cruz eta Mecos (Galizia) izango dira. Berrikuntza bakarra iaz igoera lortu zuen San Pedro da. Hemezortzi estropadek osatuko dute denboraldia -13 Euskal Herrian, 3 Kantabrian eta 2 Galizian-, eta Liga irailaren 23an amaituko da Portugaleten jokatuko den El Corte Ingles Banderarekin. Estropadei dagokienez, berrikuntzak Gorlizkoa eta Bilbokoa dira.

Aurtengo estropada guztiak zuzenean eskainiko dituzte ETBk eta TVGk. Bestalde, Peter Bravo TKEko lehendakariak azaldu zuenez, 2008ko denboraldiko lehen estropada Zaragozan jokatuko da, Ebro ibaian, bertan Expo erakustazoka antolatzen dutela baliatuz. Gainera, orain gutxi martxan jarri duten epaile eskolaren lana nabarmendu zuen Bravok.

Sariak eta koroa

Ekitaldiaren lehen zatian, iazko arraunlari onenek TKEren saria jaso zuten. Trainerurik azkarrenaren saria Hondarribiako Ama Guadalupekoak jaso zuen iaz Boiroko estropadan lortutako denboragatik (19.09.08). Kirol merituari emandako saria, berriz, Castrok jaso zuen estropada bat uretara erori ziren bi arraunlari gutxiagorekin amaitu izanagatik.

Harrobi onenari emandako saria Cabo da Cruzek jaso zuen, iaz etxeko arraunlari gehien izan zituen trainerua izan zelako. Patroi onenaren saria Hondarribiako Joseba Amunarrizek jaso zuen eta entrenatzaile onenarena ere bertara joan zen, Mikel Orbañanosek jaso baitzuen. Horien atzetik, Asier Zurinaga (iaz Arkoten) eta Xabier Eizagirre (Zumaia) sailkatu ziren patroietan; entrenatzaileetan, berriz, Jose Ramon Mendizabal (Zarautz) eta Beni Silva (Cabo).

Azkenik, Aitor Baldak, San Pedroko entrenatzaileak, igo berriari emandako saria jaso zuen. Afizio onenaren saria Castroko zaleei eman zitzaion. Eta hemendik aurrera urtero emango duten ohorezko saria Jesus Silva eta Jaime Silva anaiek jaso zuten, 25 urte baino gehiago daramatzatelako arraunean eta TKE Ligak orain arte izan dituen ekitaldi guztietan parte hartu dutelako. Jaimek 41 urte ditu eta Jesusek 43. Ez dago gaizki.

Sariak banatzen kirol munduko aurpegi ezagunak aritu ziren, Unai Basurko nabigatzailea edota Abel Barriola pilotaria esaterako. Tentsio une batzuk ere izan ziren oholtzara sariak banatzera Fernando Climent, Espainiako Federazioko presidentea, edota Jose Ramon Garai, Lakuako Kirol Zuzendaria, igo zirenean.

Ondoren, denboraldi berria aurkezteko bideo emanaldia izan zen eta hitza Peter Bravok hartu zuen. Arraunlari, zaletu, antolatzaile, zuzendari, babesle eta komunikabideen lana eskertzearekin batera, deigarria izan zen Bravok bizpahiru aldiz federazioei eginiko keinua «denon artean arrauna bide onenetik eramateko aurrerantzean».

Ekitaldia bukatzeko, Hondarribiak iaz irabazitako TKE Koroa itzuli zuen eta bere ordez erreplika bat jaso zuen. Era berean, lehen estropadan Amunarriz patroiak jantziko duen maillot horia ere jaso zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo