Berezkoak
Sarrerak agortuko dira Elhinako finala ikusteko
Ibarrola eta Etxeto, Waltariren eta Kurutxariren aurka neurtuko dira, baina zaleek ez dute faboritorik ikusten eta dirua parean aterako da
Jon LEUNDA | DONIBANE GARAZI
Ez da sarrerarik geratuko bihar 18.00etatik aurrera Armendarizeko Elhina Torneoko finala ikusteko, eta ez da gutxiagorako, final bikaina iragartzen baita. Alde batetik Ibarrola eta Etxeto izango dira, eta hauen aurka, berriz, Waltari eta Kurutxari izango dira .
Finalerdietako partidan, Ibarrolak eta Etxetok ez zuten inongo eragozpenik izan, hamalau kintzetan utzi baitzituzten aurkariak, baina Waltarik eta Kurutxarik lan handiagoa egin behar izan zuten, bi tantogatik bakarrik lortu baitzuten garaipena. Finala, ordea, oso erakargarria da.
Aitzinetik arituko diren pilotariak sakatzaile handiak dira. Bai Ibarrolak, baita Waltarik ere lehen jokaldiarekin min handia egiten dute, eta bi atzelariek lan faltarik ez dute izango. Gibeletik ere bi pilotari handi izango dira. Etxeto une honetan sasoirik onena duen atzelaria izango da, eta Kurutxari ere joko handiarekin dago. Laurek egin beharrekoa egiten badute, ez da ikuskizunik faltako.
Horren aurretik, ordea, bigarren mailako finala jokatuko dute eta bertan Agirre eta Ducassou, Dufourq eta Lanberten aurka neurtuko dira. Neurketa horretan EPB enpresak dituen pilotari gazteak ikusteko parada ederra izango da.