GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Sekula baino anitzago eta malguago» datoz 35. UEUren Udako Ikastaroak

35. urtea dute jada UEUren Udako Ikastaroek. Aurtengoek, astelehenean bertan Eibarren abiatuko direnek, 30 ikastaro ezberdin izango dituzte aukeran. Uztailaren 21 bitartean Gipuzkoako herri horretan ez ezik, Baionan, Iruñean eta Lizarran ere hartuko dute leku.

EIBAR

Etzi, astelehenean bertan, hasiko dira 35. UEUren Udako Ikastaroak. Atzo egin zuten hasiera ekitaldia Eibarko egoitza akademikoan eta UEUko zuzendari Lore Erriondok nabarmendu zuenez, «aurtengo ikastaroak sekula baino anitzagoak eta malguagoak» antolatzen saiatu dira, «guztien beharrizanak asetze aldera». Hitzokin definitu zituen Erriondok: «Tokian tokikoak, iraupen eta ordutegi desber- dinetakoak, joan-etorriak errazten dituztenak eta betiko kalitate eta giroaren labelarekin». Hala, «etengabe aldatzen doan gi- zartearekin batera, gu ere hazten eta ikasten goaz, ahalik eta eskaintza oparoena eta egokiena bermatzeko asmoz», azaldu zuen Erriondok.

Ikastaroen helburuei dagokionez, zera aipatu zuen: «Urteko jarduera sakontzeko edo aldatzeko, espezializatzeko edo diziplinartekotasunean murgiltzeko, adimena edo espiritua haz- teko, lagunkide berriak egiteko, ikaskide berriei heltzeko...».

Orotara, 30 ikastaro jarri ditu aukeran UEUk 35. aldi honetan. Horietako hamabi Eibarko ikastetxe nagusian eskainiko dituzte, zortzi Baionako Bernat Etxepare Lizeoan eta gainerako hamarrak Iruñeko Hizkuntza Eskolan. Alde horretatik, aipatzekoa da Udako Ikastaroetako kideek Lizarrara egingo duten txangoa; bertan, uztailaren 17an, 18an eta 19an hiru hitzaldi entzun ahalko dira: «Gerra zibileko fusilatuen oroimena»; «Nafarroako erresuma eta gazteluak»; eta «Maldetan sagarrak: euskal gatazka literaturan».

Aurreko urteetako ohitura onak alboratu gabe, UEUk saio osagarriak ere prestatu ditu. Uztailaren 2an, esaterako, Eibarko Coliseoan, «Gora gu ta gutarrak» bertso eta musika emanaldia izango da. Hurrengo egunean, leku berean, bertso saio bereziaz gozatzeko aukera izango da. Mikrofono aurrean hartuko dute lekua Sustrai Colinak, Amets Arzallusek eta Xabier Payak.

Urtero legez, hitzaldi interesgarriak eman zien hasiera ikastaroei atzo. Aurten Odile Kruzetari egokitu zitzaion lan hori. Kazetariak «Informazio zerbitzuen antolaketa, problemak eta geroa» izenburuko hitzaldia eskaini zuen, teknologia berriek hedabideen munduan eragindako aldaketak ahotan hartuta.

Aukera oraindik

Oraindik orain, ikastaro zenbaitetan izena emateko aukera dago. Interesa duenak informazio gehigarria aurki dezake UEUren web orrian: «www.ueu.org».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo