Emakumezkoak
Zazpiko errugbi txapelketa antolatu dute Mungian
ASB Baionako taldea da besteen gainetik nabarmentzen dena, baina Euskal Herrikoez gain, Madriletik eta Kataluniatik ere etorriko dira Bizkaialdera
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Emakumezkoen zazpiko errugbiko txapelketa handi bat jokatuko dute gaur Mungian, Atxurizubi zelaian, 11.00etatik aurrera. Bertan, Euskal Herriko talderik onenak izateaz gain, Madriletik eta Kataluniatik ere etorriko dira lehian aritzera.
ASB Baionako taldea izango da, dudarik gabe, egongo direnen artean onena. Lapurtarrek oso gertu izan dute Top 8rako igoera; hasiera batean lortu ere egin zuten, baina Federazioaren erabaki batek kanpoan utzi ditu. Haiek izango dira irabazteko faboritoak, baina beste hamaika talde ere lehiatuko dira.
Hauek izango dira lehian arituko diren talde guztiak: Getxo, Mungia, Gaztedi, Atletiko San Sebastian, La Unica, ASB Baionakoa, Cisneros, Cisneros/Olimpico, Majadahonda, Scrum, Inef eta Barbarians.
Zazpiko errugbia izango da, eta zazpi minutuko bi zati izango ditu. Lau multzotan banatuta arituko dira, eta multzo bakoitzean hiru talde izango dira. Gero, bakoitzeko onenak sailkatuko dira finalerdietarako.
Goizeko saioa 11.00etan hasiko da, eta arratsaldekoa 16.00etatik aurrera hasiko da, eguerdian bazkaltzeko atseden hartuko baitute. 19.00etatik aitzinera jokatuko dituzte finalerdiak, eta ordu eta erdi beranduago izango da sari banaketa.
Zazpiko errugbia ikusgarria izaten da, hamabostekoa jokatzen den zelai berean eta neurri beretan jokatzen baita. Amets Kastrexana ASB taldeko jokalari mungiarrak azaltzen duenez, zazpikoa ikusgarriagoa izaten da: «Hamabostekoa baino gogorragoa da jokatzeko, baina ikusteko politagoa izango da. Askoz ere leku gehiago izaten da, eta korrikaldi gehiago izateaz gain, entseguak ere gehiago izaten dira».
ASB da faboritoa
ASB Baionakoa izango da garaipena eskuratzeko faboritoa hamabostekoa eta zazpikoa oso ezberdinak diren arren: «Egia esan, guk ez dugu jokatzen zazpikora, eta asko aldatzen da, baina pentsatzekoa da ongi moldatuko garela. Atletiko San Sebastian, berriz, hamabostekoan baino hobeto moldatzen da zazpikoan. Asko aldatzen da jokatzeko era».
Iaz jokatu zen lehen aldiz eta Majadahondak bereganatu zuen Txapelketa. Lehiaketa bat baino gehiago da Mungiakoa, Kastrexanaren esanetan: «Betiko lehiaketetatik kanpoko zerbait da, jokatzeko beste era bat, eta dena egun batean egiten denez, oso ederra izaten da. Gero, denok batera amaitzen dugu, eta kirola eta elkartasuna uztartzen ditugu».
Iaz zortzi talderekin abiatu zen torneoa, eta aurten hamabira heldu da talde kopurua, eta hori nabarmentzekoa da, denek jokatu nahi baitute Mungian, hain zuzen ere.
Ez da erraza, hamabostekotik zazpikora dena aldatzen baita, baina ASB Baionako taldeak izan beharko luke irabazteko faboritoa, nahiz eta Majadahonda, iazko txapelduna, ere kontuan hartu beharko den.
Giro bikaina izaten da horrelako lehiaketetan. Goizean hasiko dira jokatzen, eta ilunabarrean amaituko dute. Hamabi talde izango dira, eta lau multzotan banatuko dira. Finalerdiak eta finala onenek jokatuko dituzte.