ARRAUNA | Kantauriko Arraun Elkartea
Astillerok ez du azkenean KAE ligan parte hartuko
Elkarteak TKEren erabakien aurka jarri dituen helegite guztiak bertan behera uzteko eskatzen dio
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Astillerok ez du azkenean Kantauriko Arraun Elkarteak (KAE) antolatzen duen ligan parte hartuko. Andreu Camps epaile bakarrak hala gomendatuta, Jon Urrutia elkarteko presidenteak gonbidapena egin zion Cantabriako taldeari, baina baldintza bat jarrita: Traineru Kluben Elkartearen (TKE) erabakien aurka jarritako helegite guztiak bertan behera uztea. Astillerok hori ezinezkotzat jo zuen eta ez da gaur Orion izango, KAEko bigarren multzoko lehen estropada puntuagarrian.
Astillerori bidalitako gutunean Urrutiak azaltzen duenez, «Astillerok justizia epaitegietan arraun komunitatearen aurka eginez jardutea, azken egunotan ibili zareten moduan, erabat bateraezina da gure estropadetan gonbidatu moduan arraun egitearekin». Presidenteak gaineratzen duenez, «elkarte gehienek ez dute batere argi, eta askok ez dute sinesten, Astillerok aurrez aipaturiko arazoak gainditzearen aldeko jarrera duenik».
Kontuan izan behar da, Astillerok TKE Ligan arraun egin ahal izateko badaezpadako neurriak eskatu zizkiola Santanderko Auzitegi Probintzialari orain dela pare bat egun, haien ustez, epailearen azken erabakiaren faltan kanpoan geratzeak «kalte itzulezinak» sortuko lizkiokeelako Astillerori.
Horrenbestez, kantabriarrek ez dute parte hartuko Orioko ibaian jokatuko den Hernaniko XI. Ikurriñean. Proba arratsaldeko bostetan hasiko da eta erlojuaren aurka lehiatuko dira hamar traineruak: Arkote B, Busturialdea, Castro B, Colindres, Deusto, Getxo, Hernani, Hibaika, Portugalete eta Raspas.
Beste hamabiak, Errioxan
Bestalde, KAEko lehen multzoa osatzen duten hamabi taldeak Errioxako El Rasillo de Cameros ko Gonzalez Lacasa urtegian bilduko dira Errioxako XI. Banderaren bila 17.00etatik aurrera. Camargo, Donosti Arraun, Getaria, Hondarribia B, Santurtzi, Kaiku, Ondarroa, Pasai Donibane, Pontejos, Isuntza, Ur Kirolak eta Zierbena hiru txandatan banatuta lehiatuko dira eta, denboraldiko lehen estropada puntuagarria denez, txandak zozketa bidez erabakiko dira. Denborak aztertzerakoan, kontutan izan eremua normala baino motzagoa dela.
Hasieran, KAEko bigarren multzoan arraun egiteko gonbidapena egin zioten Astillerori, saririk eta punturik gabe, baina ondoren auzitegietan dabiltzan gaiak bertan behera uzteko eskatu zioten. Astillerok ezetz erantzun zuen.